Gizartea -
ERTZAINTZAREN OPERATIBOA
Arma eta objektu arriskutsuak atzeman dizkiete Realeko eta PSGko jarraitzaileei, partidaren egunean
Gaur gauean Donostiako Reale Arenan jokatuko den Champions-eko partidaren segurtasun-operatiboaren barruan, Ertzaintzak Realaren 50 bat jarraitzaile "arriskutsu" identifikatu ditu bart. PSG taldearen jarraitzaileen autobus bat ere immobilizatu dute.
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Ertzaintzak Realaren 50 bat jarraitzaile "arriskutsu" identifikatu ditu, eta hogei bat ibilgailu miatu ditu, gaur gauean Donostiako Reale Arenan jokatuko den Championseko partidaren segurtasun-operatiboaren barruan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez, miaketetan, Ertzaintzak 15 golf-makila, metalezko barra bat, aizto bat, bi labana, makila luzagarri bat, hainbat bihurkin, mailu bat, bengala bat, metalezko hiru bisagra, hainbat buru-beroki eta eskularruak konfiskatu ditu.
Gainera, Ertzaintzak bi taldeetako zale erradikalen artean hitzorduak detektatu ditu, elkarri eraso egiteko.
Aldi berean, eta nazioarteko lankidetzari esker, Ertzaintza PSGren ehun jarraitzaile baino gehiago dituzten hainbat talde identifikatzen ari da. Une honetan, Parisko taldearen jarraitzaileen autobus bat immobilizatuta dago mugan, eta debekatuta dauden objektu arriskutsuak ere aurkitu dituzte ibilgailuaren barruan.
Eneko Goia Donostiako alkateak deitoratu egin du partidetan "erabat onartezinak diren jokabide jakin batzuk" egotea. Gobernu Batzarraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, segurtasunaren ikuspuntutik, "oso adi" daude gai horrekin, "aspalditik", Ertzaintzarekin lankidetzan.