Gizartea -
Eguraldia
Negu gorria asteburu osoan, eta elur-maila 600 metro inguruan
Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du elurragatik eta Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du, elurra 600 metroan ere egin baitezake. Nafarroa alerta laranjan dago elurragatik eta abisu horian elur-jausiengatik.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia jarri du elurragatik gaur eguerdian, eta Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du jarraipen eta berri-emate fasean, elur-maila 600-900 metroraino jaitsiko baita.
Abisua 24 orduz egongo da indarrean, igande eguerdira arte. Gaur, 1.200 metro inguruan hasi du eguna elur-kotak, baina 600-900 metroraino jaitsiko da arratsalderako.
Prezipitazioak ugaritu egingo dira, eta ekaitz eta kazkabar arriskua dago arratsalde-gau parterako. 1.000 metroan, 15 zentimetro elur pilatuko da; 600 metroan, 3.
Igande goizaldean, elur-maila 600 metroan egongo da, baina 500 metrora jaits liteke. Ondoren, gora egingo du, eta 1.000 metrora iritsiko da arratsaldean.
Igandean, egunak aurrera egin ahala, prezipitazioak baretu egingo dira.
Bestalde, AEMETek alerta ezarri du Nafarroan elurragatik larunbat eguerditik igande gauerdira arte. Nafarroa alerta laranjan dago elurragatik eta abisu horian elur-jausiengatik.
Euskalmeten iragarpena
Gaur, neguko eguraldia izango da egunaren bigarren partean. Eguna hego-mendebaldeko haizearekin eta eguraldi lehorrarekin hasi dugu, baina eguerdia heldu baino lehen haizeak mendebal ipar-mendebaldera egingo du eta euritara joko du. Euria txoko guztietan egingo du, frontea mendebaldetik ekialdera hedatuko da, eta gogotik egingo du tarteka. Gainera, eguraldi-aldaketa horrek tenperaturaren beherakada eragingo du, baita elur-kotarena ere; 600-900 metroan egongo da arratsaldean. Egunaren bigarren partean, trumoi-ekaitzak jo eta txingor zaparradak bota ditzake.
Igandean, euri zaparradak eta giro hotza nagusituko dira. Tenperaturak jaisten jarraituko du, eta maximoak 10-11 ºC inguruan geratuko dira kostaldean eta 6-7 ºC inguruan barnealdean; gainera, baliteke izotza egitea barnealdeko zenbait lekutan eta mendi inguruetan. Zeruan hodei ugari izango dira, ostarte batzuekin, eta zaparradak izango dira. Zaparradak batez ere isurialde atlantikoan eta egunaren lehenengo partean botako ditu. Elur-kota igo egingo da: 600 metrora egongo da goizaldean, eta 1000 metrotik gora arratsaldean. Mendebal ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da lehen partean, eta baretu eta aldakor ibiliko da arratsaldean.
Astelehenean, tenperaturak gora egingo du, eta euria izango da egunaren bigarren partean. Egunaren lehen partean, ostarteak irekiko dira eta haizeak hego-mendebaldetik joko du zakar samar. Haizearen eraginez, tenperatura maximoak igo egingo dira. Arratsaldean, ordea, haizeak mendebal ipar-mendebaldera egingo du berriro, zerua estali egingo da, tenperaturak behera egingo du eta euritara joko du. Isurialde atlantikoan egingo du euri gehien.
Asteartean, atertzera egingo du, eta asteazkenean tenperaturak gora egitea eta zerua argitzea espero da.
Kontsultatu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.