Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Alerta laranja euriagatik, Reala Kopako finalari so eta Koldo auzia
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko otsailak 27, hedabideetako lerroburu nagusiak:
-Alerta laranja euriagatik: Prezipitazio handiak direla eta, alerta laranja aktibatu zuen astelehenean Eusko Jaurlaritzak, astearteko 12:00ak arte, eta 21:00ak pasatxo zirenean, Uholde Arriskuagatiko Larrialdi Plan Berezia ezartzea erabaki zuen, alerta fasean, ibaien egoera eta datozen orduetarako espero den prezipitazio aurreikuspenak kontuan hartuta.
-Reala Kopako finalari so: Finala eskura dute Realak eta Mallorcak. Bi taldeek finalerdietako itzuliko partida jokatuko dute asteartean Reale Arenan, eta irabazleak Sevillako finalerako lehen txartela eskuratuko du. Bigarrena, Athleticek eta Atletico Madrilek ostegunean San Mamesen jokatuko duten neurketatik aterako da.
-Koldo auzia: Koldo Garcia aholkulari ohiaren ikerketa tarteko, PSOEk 24 ordu eman zizkion Jose Luis Abalos ministro ohiari Kongresuan bere eserlekua utz zezan, eta gaur, 10:00etan bukatuko zaio horretarako epea. Agindua bete ezean, Talde Mistora kanporatuko dute. Atzo goizean bildu zen PSOEren zuzendaritza, eta bozeramaile Esther Peñak iragarri zuen, prentsaurrekoan, Abalosek egun bateko tartea zeukala diputatu akta entregatzeko.