Gizartea -

GIZA KATEA

Antzuolako bizilagunek protesta egin dute Trekutzeko parke eolikoaren proiektuaren aurka

Antzula eta Urretxu artean 200 metro inguruko bi haize-errota altxatzea aurreikusten du Cilda Energy SLU enpresak.

Giza-katea gaur goizean, Antzuolan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Giza-katea gaur goizean, Antzuolan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Giza-katea gaur goizean, Antzuolan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka bizilagunek giza-katea egin dute Antzuolan gaur goizean, Cilda Energy SLU enpresak inguruko mendietan kokatu asmo duen Trekutzeko parke eolikoa geldiaraztea eskatzeko, Meaka-Irimo plataformak deituta.

Aerosorgailu baten tamaina irudikatzen zuen giza-katea osatu dute bizilagunek, haize-erroten dimentsioa bistaratu eta proiektua bertan behera uztea eskatzeko.

"Berriztagarriak bai, horrela ez!" izan da deialdiaren leloa. Izan ere, deitzaileek adierazi dute ez daudela energia berriztagarrien kontra baina bai proiektua "herritarrak kontuan hartu gabe" egitearen kontra, "herriari inolako onurarik ekarriko ez dionean", gainera. Herri-plataformatik proiektuaren "makro-izaera" kritikatu dute eta dimentsio hauetako azpiegituren beharrik ez dagoela defendatu dute. Horregatik, alternatibak aztertzea eskatu dute.

Cilda Energy SLU enpresaren proiektuak 200 metro garai diren bi haize-errota altxatzea aurreikusten du, bakoitzak 85 metroko hiru gurutze lituzkeelarik. Bien artean 10 megawatt elektrizitate sortuko dira, eta lurpeko sare baten bidez bilduko dira. Proiektuaren aurrekontua 10 milioi eurotik gorakoa da.

Antzuolako eta Urretxuko udalek alegazioak aurkeztu dituzte proiektua geldiarazteko. Urretxuko Udalak dio akatsak daudela administrazio-baimenen eskaeran, txostenak eta neurketak falta direla eta aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak gabeziak dituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Urretxu Ingurumena Energia berriztagarriak