Gizartea -
Sutea
10 dira dagoeneko Valentziako sutearen ondorioz hildakoak, gorpu berri bat aurkitu eta gero
Desagertuta jarraitzen zuen azken pertsonarena da aurkitu duten gorpua. Bien bitartean, sutearen jatorriari buruzko ikerketak aurrera jarraitzen du, baina sekretupean dago sumarioa.
EITB Media
Espainiako Polizia zientifikoak eta judizialak beste gorpu bat aurkitu du gaur Valentziako Campanar auzoan kiskalitako eraikinean, eta horrela, 10 dira guztira hildakoak, Espainiako Gobernuak Valentziako Komunitatean duen ordezkaritzak jakinarazi duenez.
Gaur goizean berriro sartu dira eraikinaren barruan bigarren ikuskaketa sakona egiteko, eta beste hilotz bat topatu dute, falta zen azken pertsonarena, hain zuzen ere.
Agintari judizialek zuzendutako operazioa izaten ari da, eta polizia zientifikoak eta auzitegiko medikuak daude tartean. Sutea zerk eragin zuen ere ari dira ikertzen, baina sekretupean dago sumarioa.
"Goitik behera"
Pilar Bernabe Espainiako Gobernuak Valentziako Erkidegoan duen ordezkariak esan du eraikina "goitik behera" ikuskatzen ari direla, baina ez dutela espero beste biktimarik aurkitzea.
"Pentsatu nahi dut, pentsatzeko beharra dut, aurkitutakoak desagertuta zeudenak izatea eta gehiago ez aurkitzea, baina bila jarraituko dugu", azpimarratu du.
Bernabek azaldu duenez, biktimak identifikatzeko lanean ari dira orain, eta prozesu zaila omen da, DNArekin eta berme guztiekin egin behar delako. Hori horrela, ez du aurreratu nahi izan zenbat denbora beharko duten.
Biktimen balantzea behin behinekoa ote den galdetuta, berretsi du lan guztiak amaitu arte ezin dela besterik esan, baina aurkitutako gorpu kopurua desagertutako pertsonen kopuru berbera dela zehaztuz.