Gizartea -
Osakidetza
Elikadura-nahasmenduen unitateak martxoan irekiko dituzte Gasteizen eta Galdakao-Usansolon
Unitate bakoitzak sei paziente artatzeko gaitasuna izango du, eta antzeko osasun-langile kopurua (psikiatra bat, psikologo kliniko bat, buruko osasuneko lau erizain eta arlo bereko beste lau erizain laguntzaile).
EITB Media
Elikadura-portaeraren nahasmenduak sendatzeko bi unitate berriek martxoan irekiko dituzte ateak Gasteizko Santiago eta Galdakao-Usansolo ospitaleetan (Bizkaia), 12 paziente artatzeko gaitasunarekin.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman du horren berri, 2023-2028 Osasun Mentaleko Estrategiaren aurkezpenean, Eusko Legebiltzarreko batzordean.
Elikadura-jokabidearen nahasmenduen arretarako unitateek milioi erdi euro baino gehiagoko inbertsioa izan dute. Horietako bakoitzak sei paziente artatzeko gaitasuna izango du, eta antzeko osasun-langile kopurua (psikiatra bat, psikologo kliniko bat, buruko osasuneko lau erizain eta arlo bereko beste lau erizain laguntzaile).
Galdakaoko kasuan, unitate berriak martxoaren 4an irekiko ditu ateak, Osasun Sailak ohar batean zehaztu duenez. Unitate berria ospitaleko bigarren solairuan dago, Psikiatriako eremuan, eta sei oheko ospitalizazio-gela bat eta eguneko ospitale bat ditu, gehienez sei plaza gehigarrirekin, 9:00etatik 21:30era arreta emateko.
Bestalde, haur eta gazteen eguneko ospitalea, joan den astelehenetik pazienteak artatzen dituena, San Juan de Dios ospitalean dago. 16 plaza ditu, eta honako hauek osatzen dute plantilla: psikiatra bat, psikologo bat, erizain bat, terapeuta okupazional bat eta bi erizain laguntzaile. Ospitale honekin Euskadik mota horretako bost zentro ditu dagoeneko.