Gizartea -
Gipuzkoa
Irunen atxilotutako lau gizon espetxeratu dituzte gizonezko bat atxiki eta larri zauritzeagatik
Lesio eta mehatxu delituak eta biktima legez kontra atxikitzea egotzi diete 29, 34, 41 eta 62 urteko lau atxilotuei.
EITB MEDIA
Ertzaintzak Irunen atxilotutako lau gizon kartzelara bidali ditu epaileak, bosgarren gizon bati kolpeak eman eta zauri larriak eragiteagatik, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Lesio eta mehatxu delituak eta biktima legez kontra atxikitzea egotzi diete 29, 34, 41 eta 62 urteko lau atxilotuei, iturri horren arabera.
Ikerketak ondorioztatu du biktimari emandako jipoiak "wash-wash" edo "tindatutako billeteen" iruzurrarekin zerikusia izan zezakeela.
Ostiralean gertatu zen dena. 18:00ak aldera, lau gizonezkok Irungo etxebizitza batetik pertsona bat eskuak lotuta atera eta ibilgailu batean sartu zutela ikusi zuen lanetik kanpo zegoen ertzain batek. Agente horrek gertatutakoaz ohartarazi zuen Ertzaintza, eta ustezko erasotzaileen atzetik joan zen bera.
Minutu gutxi geroago, Ertzaintzak ibilgailua gelditu zuen Irunen bertan. Barruan, gizon bat aurkitu zuten odoleztatuta. Aurpegian zauriak zituen, eta eskuak lotuta zeuzkan.
Ibilgailuan beste lau lagun zihoazen, eta guztiak hartu zituzten atxilo.
Astelehenean, epailearen aurrera eraman zituzten atxilotuak, eta kartzelaratzeko agindua eman zuen honek.
Zauritua, bestalde, atxiloketa jazo zen lekuan bertan artatu zuten, baina Bidasoa eskualdeko ospitalera eraman zuten geroago, eta han egon da ingresatuta atzora arte.