Gizartea -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Haurren legeak eskubideak dituen subjektu gisa aitortzen ditu eta horien interes gorena jartzen du erdigunean
Halaber, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU taldeen babesarekin atera den legeak lehentasuna emango die politika publiko guztietan haurren eskubideak babesteari eta sustatzeari.
EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Haurren eta Nerabeen Legeak adin txikikoak eskubideak dituen subjektu gisa aitortzen ditu eta horien interes gorena jartzen du erdigunean. Halaber, haurren eta nerabeen bizitzaren alderdi guztiak jorratzen dituen sistema integrala proposatzen du, haien segurtasuna eta garapen osoa bermatuz, eta haien eskubideen babesa eta sustapena politika publiko guztien ardatz gisa jarriz.
Eusko Legebiltzarrak behin betiko onarpena eman dio Haurren eta Nerabeen Legeari, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU taldeen babesarekin eta PPren eta Ciudadanosen abstentzioarekin.
Jaurlaritzatik nabarmendu dutenez, araua aurrerapauso nabarmena izango da "Euskadiko adingabeen eskubideak sustatzeko eta babesteko, hori baita bere lehentasun nagusia".
Hauek dira gakoetako batzuk:
- Debekatu egiten du haurrak eta nerabeak erabiltzea edari energetikoak eta janari azkarra iragartzeko
- Debeku horri gehitu behar zaio edari alkoholdunak, tabakoa, eduki pornografikoa, esplotazioa, tratu laidogarria edo delituak sustatzen dituzten jarduerak iragartzeko debekua.
- Haurrei eta nerabeei zuzendutako publizitatean ezingo dira sartu janari azkarra eta edari energetikoak
- Genero ikuspegia txertatzen du eta ikuspegi hori zeharkakotasunez lantzeko oinarriak ezartzen ditu
- Babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeen eskubideak indartuko ditu. Besteak beste, zainketa aringarriak adin txikikoen eskura jarriko ditu, horien arreta psikologikoa Osakidetzaren barruan kokatu, eta haur pobrezia saihesteko diru laguntzak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DSBE) bateragarri egin
- Zaurgarritasun eta babesgabetasun egoerak atzemateko eta arrisku egoerei aurre hartzeko neurriak jasotzen ditu. Ildo horretan, jokabide arazoak dituzte adin txikikoentzako zentro espezifikoak sortuko dira eta bertan arreta soziosanitarioa, terapeutikoa eta hezitzailea eskainiko zaie modu integralean
- Indarkeria egoerei erantzuteko protokoloak ezartzen ditu, inplikatutako eremu guztien erantzun koordinatua bermatuz
- Adingabeen tutoretzaren eremuan, adingabe horien hitza erdigunean kokatzen du jatorrizko familiara itzuli nahi duten ala ez erabakitzeko orduan
- Erakunde publikoen konpromisoa jasotzen du arauak, jaiotzagatiko eta adopzioagatiko prestazioen eta baimenen denborak eta zenbatekoak pixkanaka handitzeko
- Hezkuntza kanpainak egitea aurreikusten du interneten erabilera seguruari eta arduratsuari buruzkoak eta adingabeen pornografiaren kontsumoak eragindako arriskuei buruzkoak
- Emakumeen kirola bultzatzeko eta sustatzeko erakundeen apustua jasotzen du, eskola eta eskolaz kanpoko eremu guztietan eta aisialdian
- Hainbat organo sortzea jasotzen du: Haur eta Nerabeentzako Erakunde Arteko Organoa, Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua, Haurren eta Nerabeen Foroa eta Haurrei eta Nerabeei Buruzko Informaziorako Euskal Sistema