Gizartea -

IKERKETA

Bularreko minbizia listu lagin batekin atzematea lortu dute

Floridako eta Taiwango bi unibertsitatetako ikertzaileek azaldu dutenez, emaitza "arrakastatsuak" lortu dituzte bularreko minbizia atzemateko gailu eramangarri batekin.

Gaixo onkologikoak EAEko ospitale batean. Irudia: EITB Media
Gaixo onkologikoak EAEko ospitale batean
Gaixo onkologikoak EAEko ospitale batean. Irudia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Floridako eta Taiwango bi unibertsitatetako ikertzaileek berri eman dutenez, emaitza arrakastatsuak lortu dituzte bularreko minbizia atzemateko gailu eramangarri batekin. Aipaturiko tresna horrekin eta listu lagin txiki batetik abiatuta, bularreko minbiziaren biomarkagailuak atzematea erdietsi dute.

Antigorputz espezifikoekin landutako paper-zerrenda erreaktiboak erabiltzen ditu gailuak. Zehazki, listu lagin bat jartzen da paper-zerrendan eta elektrizitatea bidaltzen da biosentsorearen kontaktu elektrikoetara. Elektrizitate horrekin biomarkagailuak antigorputzetara batzen dira eta elektrodoaren karga eta gaitasuna aldatu egiten da. Horrek irteera seinalea aldarazten du eta hori neurtu egin daiteke zenbat biomarkagailu dauden jakiteko.

Biosentsoreak listu tanta bat nahikoa du eta emaitza zehatzak ematen ditu gainera, baita minbiziaren kontzentrazioa oso txikia bada ere (gramo bat baino bilioi aldiz txikiagoa). Gailuaren diseinua ere iraultzailea omen da orain arte ezagutzen direnekiko; izan ere, mamografiak, ekografiak eta erresonantzia magnetikoak garestiak eta inbaditzaileak dira, ekipo handi eta espezializatuak behar dituzte, erradiazioa askatzen dute, eta egunak edo asteak behar dira proben emaitzak jakiteko.

Journal of Vacuum Science & Technology aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Ikertzaileek adierazi dutenez, aipaturiko paper-zerrenda erreaktiboak zentimo batzuk balio ditu, eta berrerabilgarria den zirkuitu-plakak bost dolarreko prezioa du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Minbizia bideoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Osasunari buruzko albisteak Taiwan