Gizartea -
Indarkeria matxista
Bi gizon atxilotu dituzte Tolosan hiru sexu-eraso egitea egotzita
Erasoetako bat igandean gertatu zen. Gizon batek elkarrekin zeuden bi emakumeri —horietako bat adingabea— egin zien eraso. Bigarrena, berriz, gaur izan da. 37 urteko gizon batek adingabe bati sexu erasoa egin dio, kalean.
EITB Media
Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Tolosan azken 48 orduetan izan diren hiru sexu erasoren egileak direlakoan.
Lehenengo bi erasoak igandean gertatu ziren, 21:00ak aldera Gizon batek elkarrekin zeuden bi emakumeri —horietako bat adingabea— egin zien eraso, eta lekuko bat kuter batekin mehatxatu zuen. Erasoa jazo zen tokian bertan hartu zuten atxilo 28 urteko gaztea, eta gaur goizean aske utzi dute.
Bigarren atxiloketa gaur izan da, 05:15ean. Minutu batzuk lehenago, 37 urteko gizon batek adingabe bati sexu erasoa egin dio, kalean. Biktimak gertatutakoaren berri eman dio Ertzaintzari, eta agenteek berehala atxilotu dute gizona.
Bestalde, hirugarren gizon bat atxilotu dute adingabeen aurrean exhibizionismoa egitea leporatuta.
Erasoen aurrean, Tolosako Udalak eta jai batzordeak protesta deitu dute arratsalderako, zezenketen orduan. Mugimendu Feministak ere bat egin du mobilizazioekin.
Horrela, Tolosako Udalak eta kolektibo feministek Gipuzkoako sexu-erasoak arbuiatu dituzte. Protesta Tolosako zezen-plazan egin dute, txarangek plazari buelta eman ondoren, eta bertan izan dira zinegotziak, EH Bilduko Adu Martinez de Rituerto alkatea eta inauterietan parte hartzen duten taldeak.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzional bat egin du sexu-erasoak gaitzesteko, eta elkartasun eta babes osoa eskaini die biktimei.
Foru Aldundiaren arabera, emakumeen duintasunaren, sexu-askatasunaren eta osotasun fisikoaren aurkako ekintzak "guztiz onartezinak" dira, eta "emakume guztiek aisialdiaz eta harreman sozialez askatasun osoz gozatzeko eskubidea dute". Horregatik, indarkeria sexistarik gabeko kaleak aldarrikatu ditu.