Gizartea -
Gipuzkoa
Tolosan larri zauritutako adingabeak ziurtatzen du Ertzaintzaren "pilotakada batek" jo zuela
Villabonako 16 urteko gaztearen senideek Euskadi Irratiari jakinarazi diotenez, hori esan zion adingabeak anbulantzian artatu zuen osasun-langileari. Halaber, azpimarratu dute gazteak ez zuela parte hartu Ertzaintzaren karga eragin zuen borrokan.
EITB MEDIA
Tolosan (Gipuzkoa) larri zauritutako 16 urteko gaztea Ertzaintzaren "pilotakada batek" jo zuen; horixe izan zen Tolosako Asunción klinikara eraman aurretik artatu zuen osasun-langileari esan zion lehen gauza, haren senideek jakinarazi dutenez.
16 urteko mutikoari gaur egin behar zioten ebakuntza Donostiako Ospitalean, baina ostegunera arte behintzat atzeratzea erabaki dute, osasun arrazoiak tarteko. Antza, nerabeak ez du begia galduko, osagileek familiari helarazi diotenez. Dena dela, zauri larriak ditu eta osatzeko prozesu luzea aurreikusi diote.
Mutikoaren izebak Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, nerabeak 12-15 puntu ditu begian, eta "urduri, sustoa gainetik kendu ezinda" dago.
Zauritutako nerabeak ez zuen liskarretan parte hartu
Aitziber izekoaren hitzetan, adingabeak ez zuen borrokan parte hartu, eta bere lagun taldearekin zegoela, kargak bete-betean harrapatu zuen Beotibar kalean. "Txaranga zegoela uste zuten, eta horregatik joan ziren hara. Ertzaintzaren lehen karga entzun zuten orduan, eta korrika alde egin zuten. Bigarrenean zauritu zuten", azaldu du.
Adingabeak 04:00ak aldera deitu zuen etxera "pilotakada bat jaso" zuela eta Asuncion Klinikara eraman behar zutela esanez.
Gertakariengatik Ertzaintzaren kontrako salaketa aurkeztuko duten galdetuta, gaztearen familiaren bozeramaileak azpimarratu du euren lehentasuna adingabea sendatzea eta ebakuntza ondo ateratzea dela. "Guk nahi duguna da argitzea zer pasatu den, berriro ez gertatzeko", erantsi du.
Horren harira, zehaztu du Ertzaintza familiarekin harremanetan jarri dela, eta agenteak mutikoarekin ere egon direla. Atzo auzitegiko medikua joan zitzaion kolpeak aztertzera.
Ertzaintzaren jokabidea salatu eta erantzukizunak eskatu ditu gaztearen aitak
Ertzaintzaren proiektil batek zauritutako gaztearen aitak agerraldia egin du Villabonan. Azaldu du semea ospitalean dagoela, ebakuntzaren zain. Begian 15 puntu eta odolbilduak dituela esan du, eta erretina alde batera jausi zaiola. Ertzaintzaren jokabidea salatu eta erantzukizunak eskatu ditu.
Borroka baten ostean, Ertzaintzaren karga
Gertakariak astelehen goizaldean jazo ziren, Tolosako inauterien testuinguruan. Segurtasun Sailak ohar batean azaldu zuenez, gauean zehar borroka bat hasi zen taberna batean eta kalean jarraitu zuen. Bertan bildutakoak sakabanatzeko Ertzaintzak karga egin zuen, eta dirudienez, pilotakada batek zauritu zuen gaztea.
Aurretik ere, liskarrean, beste gazte bat erietxera eraman behar izan zuten ukabilkadek eragindako zauriekin. Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu zituen, hainbat objektu (makilak, botilak...) konfiskatu zituen eta bi gazte atxilotu zituen, gutxienez barra luzagarri bat zeramatelako, debekatuta dagoena.
Ertzaintzak, ofizioz, ikerketa-eginbide espezifikoak ireki ditu azken gertakari horretarako, eta auzitegi-mediku baten esku-hartzea eskatu zaio dagokion epaitegiari, ospitaleratutako gaztea ebaluatzeko eta lesioen izaera zehazteko. Aldi berean, Ertzaintzaren barne-ikerketa abiarazi da, polizia-jardunarekin lotutako xehetasun guztiak aztertzeko.
Ikerketari buruz galdetuta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Segurtasun Sailaren oharra aipatu du, informazio gehiago ez duela esanda. Bi kontutan egin du azpimarra: batetik, Jaurlaritzaren helburua dela gertakariak "guztiz argituta geratzea" eta ikerketak "Ertzaintzaren jardunaren gardentasuna" bermatzea.
Azalpen eskaerak
Hain justu, Ertzaintzaren barne-ikerketaren espedientea eskatu dio EH Bilduk Legebiltzarrari. Julen Arzuaga legebiltzarkideak adierazi duenez, "Ertzaintzaren protokoloak oso argiak dira proiektilak noiz eta nola erabili behar diren. Hori horrela, ezinbestekoa da Segurtasun Sailak albait arinen argitzea zer gertatu den kasu honetan, eta protokoloak bete ez badira, erantzukizunak eskatzea".
Tonu gogorragoan, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak X sare sozialean gertatutako salatu eta "polizia-ereduaren erreforma sakona" eskatu du.
Bestalde, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak gertatutakoa "albait arinen" argitzea eskatu du jaiak lasaitasunez gozatzera dei egitearekin batera. Villabonako Udalak ere argibideak eskatu ditu eta elkartasuna adierazi die zauritutako gazteari eta haren familiari. Tolosan, aldiz, "Jazarpen poliziala gelditu!" lelopean, Kontseilu Sozialistak manifestazioa egin du gaur.
Elkarrekin Podemos-IUk Josu Erkorekaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean.
Ganberan azalpenak emateko eskaera idatzian koalizio moreak jaso duenez, "hainbat aldiz argi geratu da istiluen kontrako material horrek, hilgarritzat jota ez badago ere, ez duela indarkeriaren erabileraren oinarrizko irizpideak betetzen. Oso arriskutsua da, ez du bereizketarik egiten, eta hilgarria izan daiteke. Nola liteke hau gertatzen jarraitzea?".
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren bozeramaileak uste du gertatutakoa "onartezina" dela, eta Iñigo Cabacas izan du gogoan. Basauriar gaztea duela 11 urte hil zen Ertzaintzaren pilotakada batek buruan kolpatuta.
Tolosan zauritutako gazteari arin sendatzeko opatu dio Gorrotxategik, eta ikerketa "sakona" eskatu du, dagokionari erantzukizunak galdeginda.