Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
10 gizonezko atxilotu dituzte asteburuan Hegoaldean, emakumeen kontrako delituengatik
Bost gizon atxilotu dituzte genero indarkeriagatik, hiru sexu erasoengatik eta bi urruntze aginduak hausteagatik.
EITB MEDIA
Hamar gizon atxilotu dituzte asteburuan Hego Euskal Herrian, emakumeen aurkako delituren bat egotzita.
Nafarroako Foruzaingoak zortzi gizon atxilotu ditu larunbatean eta igandean. Iruñean, Sarrigurenen, Antsoainen, Barañainen eta Lesakan tratu txarrak ematea egotzi diete bosti, Iruñean eta Tuteran sexu-erasoak egiteagatik atxilotu dute gizon bana, eta Bidasoa aldeko udalerri batean urruntze agindua urratzeagatik atxilotu dute beste bat.
Ertzaintzak, bestalde, bi gizon atxilotu ditu asteburuan: Gasteizen bat, bikotekide ohiarekiko urruntze-agindua urratzeagatik, eta Azpeitian bestea, bi sexu-erasotan nahastuta dagoelakoan.
66 urtekoa da Gasteizen atxilotutako gizona. Bikotekide ohia zegoen ostalaritza-lokal batean atxilotu zuten, urruntze-agindua hautsi zuelako.
Azpeitian atxilotutako gizonaren daturik ez da zabaldu baina Ertzaintza gizon hori ikertzen ari da Inauterietako Elegante Egunean izandako bi sexu-erasoekin zerikusia izatea leporatuta.
Hain zuzen ere, ehunka lagun bildu dira gaur arratsaldean Azpeitian, eraso horiek gaitzesteko.