Gizartea -

MEMORIA HISTORIKOA

Aranzadik eta Gipuzkoako Aldundiak errepresio frankista jasan zuten emakumeen bizipenak ekarri dituzte gogora

Ione Zuloaga historialariak zuzendutako ikerketan 1936 eta 1945 artean emakumeek pairatutako egoera desberdinak jaso dituzte.

Lanaren aurkezpena, gaur. @PVasco_EuskoL
Lanaren aurkezpena, gaur. @PVasco_EuskoL
Lanaren aurkezpena, gaur. @PVasco_EuskoL

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak "1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua" azterlana aurkeztu du gaur, Aranzadi Zientzia Elkarteko historialaria den Ione Zuloagak osatutakoa, hiru emakumeren ekarpenekin: Queralt Solé (Bartzelonako Unibertsitatea), Enara Garro (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Lourdes Herrasti (Aranzadi Zientzia Elkartea).

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jargi Aretoan egin dute aurkezpen ekitaldia. Dozenaka pertsona elkartu dira, tartean erakunde publikoetako ordezkariak, elkarte memorialistak, errepresio frankistaren biktima izandako gizon-emakumeen seme-alabak, baita gerrako umeak ere.

Azterlanean gipuzkoar emakume horien bizipenak bildu dituzte, Bigarren Errepublikatik hasi eta XX. mende erdialdera arte bizi izandakoak gogora ekarriz, "emakumeen irudia, izandako rolak eta bizipenak erdigunean ipinita, eta emakume horiek guztiak aitortzeko helburuarekin".

Azterlanean azpimarratzen da, oro har, 1936-1945 artean errepresioa jasan zuten emakumeak Bigarren Errepublikan zehar militantzia politikoa izan eta espazio publikoa hartu zutenak izan zirela. Hego Euskal Herriko lurraldeetan 190 miliziano inguru zenbatu dira, Euskal Milizia Antifaxistekin borrokan jardun zutenak gehienak. Horietatik gipuzkoar jatorriko 45 fronteetan aritu ziren: 22 armak hartuta, 5 erizain lanetan, 9 sukalde lanetan eta 9 laguntza-zerbitzuetan.

Gipuzkoako Ondasunak Bahitzeko Batzordeak 30 emakume desjabetu zituen; Nafarroako Erantzukizun Politikoen Auzitegiak 111 emakume kondenatu zituen; eta frankistak boterera iritsi zirenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 215 emakume kanporatu zituen, eta telefono zerbitzuetako 57 emakume kargugabetu zituzten; Urolako trenetako 5, 7 garbitzaile, 4 irakasle, 2 bidezain zerbitzuetan eta Fraisoroko sehaska-etxean bat (beste 4 emakumeren kasuan lanbidea zehaztu gabe).

Frankistek beren herrietatik kanporatutako emakume, haur eta adineko pertsonak guztira 1.000 inguru izan ziren, gehienak emakumeak. Bestalde, 3.545 espediente ikertu dira, 1936tik aurrera espetxeetan preso egondako emakumeenak, % 95etik gora, gerra arrazoiengatik espetxeratuak: Azpeitian 9, Tolosan 121, Saturraranen 2.151 eta Ondarretan 1.264. Emakume fusilatuei dagokienez, gaur egunera arte 50etik gora identifikatu dira, gehienak epaiketa militarrik egin gabe fusilatutakoak.

Ikerketan 1936 eta 1945 artean emakumeek pairatutako egoera desberdinak jaso dituzte.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak lanaren "sakontasuna eta arima" azpimarratu ditu. "Hainbat eta hainbat hamarkadatan isilarazitako eta ikusezin bihurtutako indarkeria aztertu eta azaleratzen du argitalpen honek. Frankismoaren biktimen egia, justizia eta erreparazioa gauzatzeko bidean urrats garrantzitsua da, ezinbestekoa. Ez bakarrik urraketa haiek jasan zituztenen testigantza jasotzen duelako, baizik eta Gipuzkoan eta gure herrian errepresio frankista jasan zuten emakume guztien memoria aldarrikatzen duelako, eta, gisa horretan, lurralde justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko bidean aurrera egiten dugulako".

Ahaldun nagusiak gogoratu duenez, ilea moztuta, emakume haien "ideiei, demokraziari, askatasunari eta berdintasunari hegoak moztu" nahi izan zizkieten. "Emakumeak mendean edukitzea zen gizarte eredu haren helburua, gizartean ekarpenik egin ez zezaten, beren askatasuna eta eskubideak garatu ez zitzaten, gure herriak zapaldua jarrai zezan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Gipuzkoako Foru Aldundia Aranzadi Zientzia Elkartea