Gizartea -

Haizetea

Haize bortitzak 24 hegaldiri eragin die, hainbat teilatutan kalteak eta argindarrarekin arazoak sortu ditu

Bilboko aireportura zihoazen sei hegaldik desbideratu eta beste aerodromo batzuetan lur hartu behar izan dute. Gainera, bertara zihozazen beste 18 hegaldi bertan behera geratu dira. Haize-boladek 162 kilometro orduko abiadura gainditu dute Urduñan (Bizkaia).

San Jorge futbol zelaia.
San Jorge futbol zelaia.
Haize bortitzak kalte ugari eragin ditu

0:34

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan dabilen haize bortitzak kalteak eragin ditu probintziako hainbat teilatutan. Horien artean, Kabiezeseko (Santurtzi, Bizkaia) San Jorge futbol zelaiko tribunaren estalkiaren zati bat erori egin da. Gainera, haizeak dorre elektriko bat bota du, eta horrek argindarrik gabe utzi du auzo hori. Euskalmetek alerta laranja ezarri du 21:00ak arte Bizkaian, haizeguneetan, eta gainerako lurraldeetan abisu horia 03:00ak arte.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 12:00etatik 17:00etara 308 irteera egin behar izan dituzte suhiltzaileek haize-boladen ondorioz, batez ere adarren, zuhaitzen edo hiri-altzarien zatien erorketekin lotuta; horietako 44 Araban izan dira, 215 Bizkaian eta 49 Gipuzkoan.

Abanton, Ugaldebieta zerbitzugunean, garbiketa-eremuko markesina haizearen eraginez erortzear egon da, eta irteeretako bat itxi egin dute, badaezpada. Gainera, Zornotzan zuhaitz bat erori da linea elektriko baten gainean, Urritxe inguruan, eta auzoa argindarrik gabe utzi du.

Bestalde, arratsaldeko ordu bietan, denboraleak Portugaleteko Federico Martinez kaleko eraikin bateko teilatuaren zati bat bota du, eta bost ibilgailu kaltetu ditu.

Haize denboraleak 2.400 etxe argindarrik gabe utzi ditu Bizkaian 18:20an, Iberdrolako iturriek jakitera eman dutenez. Haizeak eragindako gorabeherek gehien kaltetu dituzten eremuak Ezkerraldea eta Enkarterriak izan dira; izan ere, arratsaldeko hirurak eta seiak bitartean argi-mozketak izan dituzte, haize-boladak areagotu diren unean.

Haizearen ondorioz, zuhaitz bat erori da Asua-Mungia lineako dorre baten gainera, eta horrek eremu horretako hornidura elektrikoari eragin dio. Gainera, Santurtziko Kabiezes futbol-zelaiko estalkiaren erorketak Las Viñas linea elektrikoari eragin dio.

Konpainiak adierazi duenez, iluntzen doan heinean, arazoa konpondu ez den tokietan multzo elektrogenoak konektatuko dira argindarra bermatzeko.

Bestalde, gutxienez Bilboko aireportura zihoazen sei hegaldik desbideratu eta beste aerodromo batzuetan lur hartu behar izan dute. Gainera, bertara zihoazen beste 18 hegaldi bertan behera geratu dira. Aenako iturriek jakitera eman dutenez, desbideratzeak arratsaldeko lehen ordutik izan dira, 13:00etatik aurrera.

Aenako iturriek jakitera eman dutenez, desbideratzeak arratsaldeko lehen ordutik izan dira, 13:00etatik aurrera.

Kaltetutako hegaldien artean, Bruselatik zetorren hegaldi bat Madrilera desbideratu dute, eta Amsterdametik zetorren beste batek Bartzelonan lur hartu behar izan du.

Halaber, Menorcatik zetorren hegaldi bat Iruñera desbideratu da, eta Düsseldorfetik abiatutako beste batek, berriz, buelta eman behar izan du.

Euskadi astintzen duten haize-bolada gogorrek 160 km/h-ko abiadura hartu dute arratsaldeko lehen orduan Balmasedan (Bizkaia) eta 162 km/h-koa Urduñan; Gaubean, berriz, 142,5 km/h-koa eta Punta Galean (Getxo) 141,1 km/h-koa, Euskalmetek jakitera eman duenez.

Ostegun hotenako 03:00etatik ostiraleko ordu berera arte abisu horia dago indarrean haizeguneetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak