Gizartea -

KLIMA ALDAKETA

2024ko urtarrila izan zen inoizko hilabete beroena erregistroak daudenetik

Planeta osoko batez besteko tenperatura 13,14 °C-koa izan zen, 2020ko urtarrilean ezarritako markaren gainetik 0,12 °C.

Irudia: Copernicus
Irudia: Copernicus
Irudia: Copernicus

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2024ko urtarrila izan da inoizko hilabete beroena erregistroak daudenetik planeta osoan. Hala baieztatu du Copernicus Europako Batasuneko Klima Aldaketarako Zerbitzuak (C3S) kaleratu duen azken txostenak. Horren arabera, joan den hilean batez besteko tenperatura 13,14 °C-koa izan zen, orain arteko markak hautsita: 2020ko urtarrila zen orain arte historiako beroena, baina orduko tenperatura 0,12 °C-tan gainditu du aurtengo urtarrileko batez bestekoak.

Beste alderaketa bat eginda, industriaurreko garaiko (1850-1900 urteak) batez besteko tenperatura baino 1,66 ºC altuagoa izan da aurtengo lehen hilabeteak utzi duena. Modu horretan, azken zortzi hilabeetako goranzko joera mantendu da.

Europako datuei erreparatuta, Copernicusen txostenak joera ezberdinak erakusten ditu kontinentearen hegoaldean eta iparraldean: hau da, hegoaldeko tenperaturak azken hiru hamarkadetako batez bestekoaren oso gainetik kokatu dira, eta aldiz, iparraldean, oso azpitik. Kanada ekialdean, Afrika ipar-mendebaldean, Ekialde Ertainean eta Asia erdialdean ere ohikoak baino beroagoak izan dira tenperaturak, eta Kanada mendebaldean, Estatu Batuen erdialdean eta Siberia ekialdean, ere bai.

Datuon aurrean, kezka agertu du Samantha Burgess C3S zerbitzuko zuzendariordeak. Esan duenez, "berotegi efektua duten gasen isuriak berehala murriztea da tenperaturaren igoera gelditzeko bide bakarra".

Euskal Herriari dagokionez ere, urtarrila oso hilabete beroa izan zen. Batez besteko tenperaturak ohi baino altuagoak izan ziren Euskalmeteko estazio ia guztietan.

Irudia: EITB Media

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena