Gizartea -
ESKOLA-JANTOKIAK
Landare-zorriak aurkitu dituzte EAEko bost ikastetxetako jantokietako menuan
Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, Galdakaoko Gandasegi eta Urreta eta Andoaingo Ondarreta zentroak daude kaltetuen artean. Bietan Ausolan enpresaren esku dago zerbitzua. Lezo Herri Eskolan eta Mungiako Legarda ikastetxean ere atzeman dira intsektuak.
EITB MEDIA
Alarmak piztu dira berriro EAEko eskola-jantokietan, azken orduotan bost ikastetxetako plateretan landare-zorriak aurkitu dituztela jakin ondoren. Zehazki, azalore plateretan agertu dira intsektuak. Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, Galdakaoko Gandasegi eta Urreta eta Andoaingo Ondarreta zentroak daude kaltetuen artean. Bietan Ausolan enpresaren esku dago zerbitzua. Lezo Herri Eskolan eta Mungiako Legarda ikastetxean ere atzeman dira intsektuak.
Ausolanek azaldu duenez, hazbetea bost ikastetxetan zerbitzatutako azalorean aurkitu dute, eta partida bereko azalorea beste 10 ikastetxetara ere bidali dute, baina horietan ez dute sukaldatu.
Berria zabaldu eta gutxira, gaur eguerdian, oharra kaleratu du Ausolanek, gertatutakoari buruzko argibideekin. Zehaztu duenez, lehendabiziko kasuen berri izan orduko, "alerta protokoloa" jarri zuten martxan, aurkitutako landare-zorrien "jatorria identifikatzeko". Hala, lehen ikerketen arabera, enpresak ondorioztatu du "kasu isolatuak" direla, "ezohiko arrazoi naturalek" eraginkakoak.
Hain zuzen, "lehorteak eragindako aldaketa naturalei" eta "azalorearen morfologia bereziari" egotzi die zorrien presentzia Ausolanek. Bi aldagai horiek batuta "oso zaila" omen da "intsektuak atzematea". Halaber, idatzian ziurtatu dute ikasleen osasuna "inoiz" ez dela arriskuan egon.
Eskura duen informazio guztia "dagokien arduradunei" helarazi diela gehitu du enpresak, eta baita, kaltetuta egon daitezkeen azalore partida guztiak "berehala" erretiratzea agindu duela ere.
Bere aldetik, Gandasegi ikastetxeko zuzendaritzak oharra bidali die familiei, gertatutakoa azalduz. Bertan diotenez, azalorea "izoztuta" jaso zuten eskolan, "poltsa eta lote ezberdinetan", eta horietako batean zeuden landare-zorriak. "Janaria prestatzerakoan ez zen gorabehera hori antzeman, eta ohiko moduan zerbitzatu zen", zehaztu dute idatzian. Protokoloa aktibatu ondoren, beharrezko neurriak hartuko direla jakinarazi dute eskolako arduradunek.
Joan den hilean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Serunion SAk enpresak —EAEko 17 zentrotan jantoki zerbitzua ematen zuen— erabaki zuten bertan behera uztea sinatuta zuten kontratua, hainbat jantokitan izandako arazoen ondorioz.