Gizartea -
TELEBISTA
Zer egin zure telebistan EITBren kanalak ikusten jarraitu ahal izateko
Baieztatu zure telebista bereizmen handiko emisioak jasotzeko bateragarria dela. Gaur-gaurkoz telebista gehienak bateragarriak dira, baina telebista zaharra bada, litekeena da aukera hori ez izatea.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Otsailaren 14a izango da LTDaren emisioak kalitate estandarrean ikusteko azken eguna, baina EITBk jauzi hori aurreratu du eta otsailaren 8tik aurrera HDn bakarrik emitituko du. Hala, egun horretan SDa itzaliko da, eta Lurreko Telebista Digitalak behin betiko jauzia egingo du HDra, irudi eta soinu kalitate handiagoko esperientzia eskaintzeko.
Aldaketa horiekin, ETB1 SD eta ETB2 SD kanalak desagertu egingo dira, eta ETB3k eta ETB4k SDtik HDra migratuko dute. Nafarroan, ETB1 SD eta ETB2 SD kanalek SDtik HDra zuzenean migratuko dute.
Telebista gehienak, azken 15-20 urteetan erositakoak bederen, bateragarriak dira HD emisioekin, baina telebista zaharra bada, litekeena da aukera hori ez izatea. Kasu horretan, HD teknologiarekin bateragarria den gailu berri bat edo HD gaitasuna duen deskodegailu edo sintonizagailu bat erosteko aukera aztertu beharko litzateke. Gailu horiek antena-kablera eta telebistara konektatzen dira, eta LTD seinalea bereizmen handiko formatuan jasotzeko aukera eskaintzen dute.
Definizio estandarretik bereizmen handirako trantsizioa dela eta, litekeena da kanalak berrantolatu eta, kasu batzuetan, berriro sintonizatu behar izatea. Ikus-entzuleek euren telebisten konfigurazioetan sartutako kanalak ordenatzeko funtzioa erabil dezakete doikuntza horiek egiteko.
Zalantzarik izanez gero, produktuaren fabrikatzailearen bezeroarentzako arreta-zerbitzuarekin edo produktuaren banatzailearekin harremanetan jartzea gomendatzen da, telebistak HD onartzeko beharrezko ezaugarri teknikoak dituela egiaztatzeko.
Arau berri honekin irudiaren eta soinuaren kalitatea hobetu egingo da, edukia kalitate handian emitituta. Aurrerantzean, kanal guztiek 720p edo 1080p bereizmenean emititu beharko dute, eta kanalek SD kalitatean funtzionatzeari utziko diote.