Gizartea -
Istripua
Txema Errea arkitekto iruindarra zendu da Ezterenzubin jazotako mendi istripuan
Atzo, igandean, gertatu zen ezbeharra, Harpeako kobazulotik gertu. 150 metroko altueratik amilduta hil zen Errea.
Agentziak | EITB MEDIA
Jose Maria Errea Argaiz arkitekto iruindarra, Txema Errea izenez ezaguna, zendu da bart Pirinioetan gertatutako istripu batean, 150 metroko altueratik amilduta. Ezterenzubin (Nafarroa Beherea) gertatu zen ezbeharra, Harpeako kobazulotik gertu.
Nafarroako Unibertsitate Publikotik doluminak eman dizkiote familiari, X sare sozialaren bidez, eta samina agertu dute unibertsitateko eraikin berriaren "aitaren" heriotzagatik.
"Gure fakultatea doluan dago. Txema Errea hil da, arkitektoa eta Osasun Zientzietako gure eraikin berriaren 'aita'. Goian bego", dio mezuak.
Erreak zuzendutako taldearen "HLA+E" proiektua Varquitectos eta Bryaxis Arquitectos estudioek egin zuten elkarlanean, eta garaile izan zen Osasun Zientzietako Fakultatearen eraikin berriaren lehiaketan.