Gizartea -

MEMORIA HISTORIKOA

Gerra Zibileko gorpuzkiak identifikatzen lagunduko duen akordioa itxi dute Gogorak, EHUk eta AMEE erakundeak

Hiru erakundeok sinatu berri duten elkarlan itunari esker, Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen laborategia erabili ahal izango dute ikertzaileek gerra garaiko gorpuzkien identifikaziorako.

Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen laborategia, gaur. Argazkia: EFE
Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen laborategia, gaur
Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen laborategia, gaur. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerra Zibileko edota gerraosteko gorpuzkiak identifikatzeko bidean, beste urrats eman du Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Hemendik aurrera, Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen laborategia erabili ahal izango dute ikertzaileek gorpuzkien identifikaziorako.

Hitzarmena sinatu du Gogora institutuak Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearekin (AMEE) eta EHUrekin, Donostiako laborategia erabili ahal izateko. EHUko BIOMICs taldeko ikertzailek aritzen dira lan horretan, eta akordioari esker, beste gune bat izango dute lanerako. Eusko Jaurlaritzak "Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programa"  ekimena abian jarri zuenetik, BIOMICs taldeko adituek 37 identifikazio egin dituzte, gorpuzkien DNA eta Gogoraren bankuari lagina eman zioten senideena alderatuta.

Goizean eman dute hitzarmenaren berri, Donostiako Justizia Auzitegian egin duten ekitaldian. Laborategia bisitatu dute, eta bertan izan dira, besteak beste, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Guillermo Quindos EHUko Garapen Zientifiko-sozialeko eta Transferentziako errektoreordea. Memoria demokratikoan aurrera egiteko, akordioaren garrantzia nabarmendu dute biek ala biek.

Melgosaren arabera, Donostiako laborategiak erabiliz, "identifikazio-lanak optimizatzea" lortu du nahi da. Esan du "Euskadiko mendietako gudu-guneetan biktima bakarra lurperatuta dagoen bitartean", ez dutela amore emango, "zauriak ixteko" balio duelako horrek. "Ahalegin horrek esan nahi du gorpuzkiak bilatzea, aurkitzea eta lurpetik ateratzea, identifikatzea eta senitartekoei ematea".

Zenbait datu ere eman ditu sailburuak: Gogorak 2017tik martxan duen DNA bankuan gerra garaian desagertutakoen senideen 652 lagin daude jasota, analisi genetikoa egiteko. Orain arte, ikerketa prozesu ezberdinen bidez, 50 gorpu identifikatu ahal izan dira. Azken urteotan, 296 biktimen gorpuak berreskuratu dira, eta EAEko hobirik handienak ere aurkitzea lortu da: Begoñan, Urduñan eta Zornotzan.

Hain zuzen, identifikatutako gorpu horietako bat Luis Gauna Urrutiarena izan zen. Bilboko Begoñako hilerrian aurkitutako hobi komunean topatu zituzten haren gorpuzkiak, eta bere ilobetako batek bankuaren esku utzitako DNA laginari esker lortu zen identifikazioa. Aurkezpenean egon da Gaunaren iloba, eta egindako lana  eskertu du.

EHUko Quindos errektoreordeak ere akordioaren garrantzia nabarmendu du, eta BIOMICseko ikerlarien lanean jarri du azpimarra. Zehaztu duenez, horien "ekarpena erabakigarria izaten ari da Gerra Zibilean desagertutako pertsonen bilaketa eta identifikazioa irudikatzen duen erreparazio historiko eta moralean". Gizartearentzat albiste ona dela gehitu du.

Donostiako laborategia Estatu mailan biktima mota hauen identifikazioan erreferente izatea nahi dute erakundeek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Eusko Jaurlaritza albisteak EHU berriak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Memoria historikoa albisteak Giza eskubideak Gogora Institutuaren proiektuak