Gizartea -
Bitartekaritzaren Eguna
Iaz bitartekaritza eskatu zuten hamar lagunetik zortzik bikotea haustearen ondorioak konpontzeko egin zuten
Europako Bitartekaritzaren Egunean, Familia Bitartekaritzako 2023ko datuak eman ditu Jaurlaritzak. Gatazkak epaitegietatik kanpo konpontzeko zerbitzu hau urtez urte ari da hazten EAE osoan; artatutako familien kopuruak % 10 egin du gora urtebetean.
EITB Media
Urtetik urtera gorantz doa Eusko Jaurlaritzaren Familia Bitartekaritzako Zerbitzua, bai artatutako pertsonen eta irekitako espedienteen kopuruari dagokionez, bai eta esku-hartzeen kopuruari dagokionez ere. Hala erakusten dute gaur, Bitartekaritzaren Europako Egunean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak emandako datuek.
2023an, 2.447 familia artatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2022an baino % 10 gehiago. 2023ko balantzean jaso dutenez, 16.140 lagunek jaso zuten arreta iaz, 2019an baino % 31,3 gehiago. Irekitako espedienteei dagokienez, % 17ko igoera izan da azken bost urteotan, 2023an 2.447 irekitzeraino, eta jardueraren garapenean egindako esku-hartzeen kopuruak % 40,4 egin du gora, 21.367raino.
Zein da, baina, horren lana? Bada, gatazkak epaitegietatik kanpo konpontzeko, arreta-zerbitzu publikoa, borondatezkoa eta doakoa ematen die familiei, eta ingurune neutral batean profesional inpartzialen eta adituen esku-hartzea eskaintzen die.
Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearen hitzetan, "bitartekaritzak gatazkei heltzeko beste paradigma bat eskaintzen du, eta erantzun egokia ematen dio metodo alternatiboak edo metodo tradizionalen osagarri diren metodoak eskatzen dituen gizarte-eskariari. Izan ere, gure gizartearen egungo konplexutasunera egokitu daitezkeen elkarrizketa-espazioak ahalbidetzen dira".
Zerbitzuak bitartekaritzaren arloko informazio juridikoa, psikologikoa eta soziala eskaintzen du, eta, familia- edo bikote-egoerari buruz hitz egiteko espazio neutrala eskaintzen du.
Hain zuzen ere, iaz Familia Bitartekaritzako Zerbitzura jo zuten familien % 86,7k bikotea haustearekin lotutako kontuak konpontzea zuten helburu, eta % 13,3k, bestelako familia-arazoak.
Zerbitzuarekin harremanetan jarri ziren pertsona gehienak emakumeak izan ziren: % 67,3 izan ziren telefono bidezko arretan, eta 57,6, aurre-bitartekaritza zerbitzuan.
Amilibiak azaldu duenez, "bultzatzen da aldeek beren gatazkak kudeatzeko ardura har dezaten; horretarako, adostasuna bilatzen da, eta desadostasunak eta eztabaidak modu negoziatu eta baketsuan ebazten dira. Solasaldi kooperatiboa sortzen duten hitza eta gogoeta-prozesu partekatuak dira tresna nagusia".
Horren helburua da komunikazioa eta familia-gatazken konponbidea erraztea, adostutako akordioak bultzatuta, eta, hartara, kostu emozionalak eta denborak minimizatzea eta familia-harremanak ez judizializatzea.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen duen zerbitzu hori erabili ahal izateko, hitzordua eskatu behar da telefono hauen bidez: 943 576 208 (Gipuzkoa), 945 171 125 (Araba) eta 94 427 7788 (Bizkaia).