Gizartea -
Zientzia
Inoiz ikusitako zulo beltz zaharrena atzeman dute, James Webb teleskopioaren bitartez
Big Bangetik 400 milioi urtera detektatutako zulo beltzak, gainera, orain arte ezagututako erritmoa baino askoz azkarrago jaten du materia.
Agentziak | EITB Media
Ikerketa talde batek inoiz ikusitako zulo beltz zaharrena aurkitu du, NASAren, Europako espazio agentziaren (ESA) eta Kanadako agentziaren (CSA) James Webb teleskopioari esker.
Zulo beltza unibertsoaren hastapenetakoa da, Big Bangetik 400 milioi urtera, hau da, duela 13.000 milioi urtekoa da. Bere galaxia "irensten" ari da, desagerrarazi arte.
Nature aldizkarian argitaratu dute artikulua. Roberto Maiolino egile nagusiaren arabera, emaitzak "aurrerapauso handia" dira. Zulo beltz masibo hori hain goiztiarra izateak zulo beltzak nola sortzen eta hazten diren jakiteko lagunduko die ikertzaileei.
Astronomoek uste dute Esne Bidea bezalako galaxien erdian dauden zulo beltz supermasiboak egungo tamainaraino hazi zirela milaka milioi urtetan zehar. Baina aurkitutako zulo beltzaren tamainak iradokitzen du beste modu batzuez sor litezkeela: agian tamaina handian jaio ziren, edo, bestela, materia uste zena baino erritmo handiagoan jan dezakete.
Izan ere, orain arte ezagutzen zen erritmoan haziko balitz, detektatu berri den zulo beltzak mila milioi urte inguru beharko lituzke behatutako tamaina lortu arte. Baina unibertsoa askoz gazteagoa zen jaso duten irudian.
Maiolinok azaldu duenez, teleskopioaren sentsibilitatearen ondorioz, zulo beltz zaharragoak ikusi ahal izango dira.