Gizartea -

EPAIKETA

Alexandru Ionita kasuko ertzainek ziurtatu dute akusatuetako hiru Koala anaiak taldeko kide direla

Alexandru Ionita zornotzarra egoera begetatiboan utzi zuten zazpi akusatuen aurkako epaiketaren bigarren saioan, ikerketan parte hartu duten 17 ertzainek deklaratu dute. Atzo akusatu guztiek esan zutenaren kontra, ez zeuden alkoholaren edota drogen eraginpean.

Alexandru Ionita jipoitu eta egoera begetatiboan uzteagatik akusatuen aurkako epaiketa. EFE
Alexandru Ionita jipoitu eta egoera begetatiboan uzteagatik akusatuen aurkako epaiketa
Alexandru Ionita auziko 17 ertzainek deklaratu dute epaiketaren bigarren saioan

0:48

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexandru Ionita gazte zornotzarrari emandako jipoiaren nondik norakoak argitzeko epaiketaren bigarren saioan, ikerketan parte hartu duten 17 ertzainek deklaratu dute, eta horietako batek azaldu du zazpi akusatuetatik hiru Koala anaiak taldeko kide gisa identifikatuta zituztela. Telefonoak aztertu dituzten ertzainen esanetan, elkarrizketek agerian utzi dute talde antolatua zirela.

Atzo hasi zen, Bizkaiko Lurralde Auzitegian, Alexandru Ionita egoera begetatiboan uzteagatik akusatuta dauden zazpi adinez nagusikoren aurkako epaiketa. Orotara, zazpi gizonezko eseri dira akusatuen aulkian. Fiskaltzak 14 urte eta zortzi hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du bakoitzarentzat, hilketa saiakera delitua egotzita.

2021eko uztailaren 25ean Alexandru Ionitari jipoi bortitza eman ziotenean Zornotzako parkera gerturatu ziren ertzainen arabera, erasoarekin lotura zutelakoan identifikatu zituztenak ez zeuden mozkorrak, atzo akusatuek kontrakoa esan bazuten ere.

Egun hartan Alexandru Ionitari ez ezik, "talde berdinak" beste hainbat pertsonari eraso egin ziela kontatu dute ertzainek. Azaldu dutenez, biktima inguratu eta beldurrarazi egiten zuten, ihesbiderik gabe utzi, ondoren lapurreta egiteko.

Alexandru Ionitaren erasoaz gain, ertzainek deklaratu dute beste lau atestatu egin zituztela gau hartan talde horrek Zornotzan egindako erasoengatik. Hala ere, kasu horietan biktimek ez zuten salaketarik jarri eta ezin izan zituzten identifikatu. Epaiketan deklaratu duten ertzainen esanetan, eraso horiek pertsona berdinek egin zituzten jantzi eta objektuak errepikatu egiten direlako.

Telefonoak aztertu dituzten ertzainen arabera, talde antolatua ziren eta EuskoTreneko grabazioek agerian utzi dute akusatu guztiak elkarrekin itzuli zirela etxera. Aztertutako WhatsApp elkarrizketetatik Ertzaintzak ondorioztatu duenez, kide batek agintari rola zeukan eta besteek biktimaz barre egin zuten ondorengo egunetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Azken ordukoa Bizkaia Zornotza Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak albisteak Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak Durangaldea