Gizartea -
Zorigaiztoko gertakaria
Jundizen ezbeharra izan zuten ibilgailuak ez zebiltzan elkarren arteko lehian, Udaltzaingoaren arabera
Gasteizko Segurtasun eta Trafiko zinegotziak azpimarratu duenez, "ez du zentzurik", BMWan pertsona bakarra zihoalako, eta Volkswagen Poloan, lau. Horren hitzetan, hainbat pertsonak lekuko gisa deklaratu dute, baina herritarrei laguntza eskatu diete beste behin, ahalik eta datu gehien biltzeko.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Gasteizko Udaltzaingoak ostiralean, Jundizko industriagunean, jazotako zorigaiztoko ezbeharra ikertzen jarraitzen du. Bi gazte hil eta beste bat larri zauritu ziren bi autoren arteko istripu batean. Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Segurtasun eta Trafiko zinegotziak esan du ikerketa abian dagoela, eta datu guztiak ez dituztenez, "zuhurtziaz" hitz egin behar dela, baina baztertu egin du bi ibilgailuak (BMW bat, potentzia handikoa, eta Volkswagen Polo bat) elkarren arteko lehian ari zirela. "Ez du zentzurik, BMWan pertsona bakarra zihoan, eta Poloan, lau", erantsi du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, hainbat pertsonak, 2-3k, lekuko gisa deklaratu dute jada, eta ezbeharrean arin zauritutakoak ere galdekatu behar dituzte oraindik. Gainera, segurtasun kamerek grabatutako irudiak eskatu dituzte. Dena dela, herritarren laguntza eskatu du beste behin. "Gero eta informazio gehiago izan, hobeto jakingo dugu zer gertatu zen, eta, hala, osoagoa izango da atestatua", nabarmendu du.
Lehen hipotesien arabera, "BMWa abiadura bizian zihoan, ezarritako mugatik oso gora. Volkswagen Poloa geldi edo bidera ateratzen zegoen argitu behar dugu".
Gurtubairen hitzetan, lasterketak edo maniobra arriskutsuak egiteko topaketak "ohikoak" dira Jundizen, Gamarrako industriagunean edo Gasteiztik gertu dagoen Nanclares Okan, eta halakoetan horiek zaintzen ibiltzen dela Udaltzaingoa. Ostiralean ere hala izan zen, eta 23:00etatik 01:30era patruilak egon ziren inguruan. "Tarte hartan ez zen aparteko ezer gertatu, eta zeuden ibilgailu gehienak, 50 bat, joan egin ziren. Polizia joan zenean auto batzuk baino ez ziren geratzen han, eta tartean ziren istripua izandako biak", argitu du.
Dena dela, ez du uste "benetako irtenbidea" polizia zaintza areagotzea edo konkorrak jartzea denik. Azpimarratu duenez, gazte jendea sentsibilizatu behar da tankerako ekintzak ez egiteko: "Oso arriskutsuak dira, eta batzuetan tragedia bihurtzen dira", deitoratu du.