Gizartea -
Lapurdi
Erabiltzen dituzten lurrak husteko agindua jaso berri du Beskoitzeko Ikastolak
Fabienne Aiensa auzapezak bertan behera utzi du lurrak alokatzeko ituna, eta uztailaren 6ra arteko epea eman die lur horiek garbitzeko. Bi zinegotzik eta gurasoek elkartzeko hitzordu bat antolatzea adostu dute.
Olatz Prat | Aitor Sagarzazu | EITB Media
Beskoitzeko Ikastolako guraso, ikasle eta irakasleek protesta eguna izan dute larunbat honetan; izan ere, gaur egun eskolak emateko dituzten lurrak, udalari alokatutakoak, husteko agindua jaso berri dute.
Beskoitzeko Urgazieta eskola publikoaren atarian elkartu dira goizean goizetik ikastolako kideak, han baitzen Fabienne Aiensa auzapeza, herritarrei azaltzen zeintzuk diren Udalak 2024rako dituen asmoak. Euren aldarriak karteletan jasoz eta oihuka esanez, irtenbidea eskatu diote auzapezari.
Berriki jaso dute Aiensaren gutuna: «Uztailaren 6rako lekuak libratu beharko dituzue, erabiltzeko baimena zenuten lau prefabrikatuak eta bosgarrena kendu, eta lokala hustu beharko duzue». Gutunean zehazten denez, 2018an sinatu zuten itunean jasota zegoen 2024ko ikasturtea amaitu baino sei hilabete lehenago bi aldeek aukera zutela itun hori bertan behera uzteko. Hain zuzen ere, puntu hori baliatu du auzapezak lur horiek erabiltzeko baimena erretiratzeko.
Gaurko protestaren harira, bilduta zeuden zinegotzietako bi atera dira ikastolako kideekin hitz egitera, eta elkartzeko hitzordu bat jartzea adostu dute. Pauso garrantzitsua da, orain arte komunikazioa etenda baitzegoen ikastolako gurasoen eta Udalaren artean.
Gurasoen hitzetan, hilabete askoren ostean, Beskoitzeko Udalak elkarrizketa abiatu nahi du berriz. Gurasoek onartu dute, baina eszeptiko daude. Julen Jaureguy ikastolako presidenteak azaldu duenez, joango dira hitz egitera "baina ez negoziatzera, 51 haurren bizitza ez baita negoziatzen; aterabide bat behar da, besterik ez".
Horien aburuz, lurrak kendu aurretik antolatu behar zuten bilkura. Bi zinegotziek "prozesu berri baten hasiera" gisa planteatu diete bilera, baina ekintzak eskatu dizkiete gurasoek, prozesu horrek euren kanporatzea helburu ez duela frogatzeko. "Zer bortizkeria da gure haurrentzat halako dokumentu bat jasotzea?", esan dute. Elkartzeko asmoa badute, beraz, Beskoitzen, baina momentuz, ez dute data zehatzik jarri.
2014an jarri zen martxan Beskoitzeko Ikastola, prefabrikatuetan, Udalari alokatutako lurretan, eta gaur egun 51 ikaslek ikasten dute bertan.
Duela hiru urte hasi ziren Udalarekin hizketan, orain prefabrikatuak dauden eremu horretan eraikin bat egiteko. Udalak berak eraikina egiteari uko eginda, Seaska prest agertu zen Ikastola eraikitzeko kostua (600.000 euro) bere gain hartzeko.
Udalak orduan ez zuen trabarik jarri, baina azken hilabeteotan blokeoa dagoela salatu du Ikastolen Elkarteak, Udala eragozpen teknikoak jartzen aritu delako, bata bestearen atzetik, eraikin hori egiteko baimenik ez emateko. Gutun honekin, baina, are ataka estuagoan jartzen du ikastolako komunitatea, sei hilabeteko epea baitute irtenbidea emateko euren egoerari.
Joan den azaroan manifestazio nazionala deitu zuten Beskoitzen Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, eta 2.500 lagun bildu zituzten, egoerari konponbidea ematea eskatzeko.