Gizartea -
TRAFIKOA
18 eta 21 urte arteko bi gazte hil dira bart auto-istripuz Jundizko industrialdean, Gasteizen
Gama altuko auto baten eta auto txikiago baten arteko istripua 01:30ean gertatu da. Hildakoak auto txikiaren atzeko eserlekuetan zihoazen bi bidaiari dira, 18 eta 21 urtekoak. Poliziak istripua ikertzen ari dira.
eitb media
21 urteko gizon eta 18 urteko emakume bat hil dira gaur goizaldean Gasteizen, Jundizko industrialdean bi autok talka egin ostean. Udaletik jakinarazi dutenez, hirugarren pertsona bat larri zaurituta eraman dute ospitalera.
Dirudienez, gama altuko auto batek auto txikiago bat jo omen du 01:30 aldera Jundiz industrialdean, eta horrek eragin du ezbeharra.
Istripuaren ondorioz, bertan hil dira 21 urteko gizon bat eta 18 urteko emakume bat; auto txikian zihoazen biak, atzeko eserlekuetan. Auto horretako gidaria, 20 urteko gizon bat, berriz, oso larri eraman dute Txagorritxuko Ospitalera. Auto horretako laugarren bidaiaria, gidariaren alboko eserlekuan zihoan emakume bat, arin zauritu da.
Arratsaldeko lehen orduan hirugarren gaztea hil dela jakinarazi badute ere, iluntzean zuzenketa igorri dute Gasteizko Udaletik, akatsa izan dela esanez.
Erreskatea oso zaila izan da, biktimen ibilgailua oso egoera txarrean geratu baita. Suhiltzaileek sabaia eta karrozeriaren zenbait zati moztu behar izan dituzte bidaiariak burdina artetik erreskatatzeko. Gidariak, esaterako, erabat harrapatuta zituen hankak.
Udaltzaingoak ikerketa abiatu du istripua nola gertatu den argitzeko, eta inguru horietan inoiz legez kanpoko lasterketak egin diren arren, badirudi Udaltzaingoaren lehen ikerketek baztertu egin dutela aukera hori.
Hipotesi nagusiaren arabera, gama altuko ibilgailuaren gidariak zuhurtziagabekeriazko maniobra bat egin du, abiadura handian zihoala ibilgailuaren martxa bat-batean aldatu baitu, eta talka egin du beste ibilgailuaren ezkerreko aldearen aurka.
Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotziaren arabera, polizia-ikerketa oso atariko fasean dago, baina, dirudienez, gama altuko ibilgailua "oso abiadura handian" zihoan, eta maniobra "erabat arduragabea" egin ondoren, beste autoaren aurka egin du talka.
Hasieran legez kanpoko lasterketa izan zitekeela pentsatu den arren, Gurtubairen esanetan, "arraroa" dirudi bi auto horiek horrelako lasterketa batean parte hartzen aritu izana, istripuan nahasitako ibilgailuek ezaugarri oso desberdinak dituztelako eta batean lau bidaiari zihoazelako eta bestean bakarra.
Horren hitzetan, istripu tragiko hori gertatu baino minutu batzuk lehenago, Udaltzaingoa inguru horretara joan da, autoekin zibarena egitera edo bat-batean azeleratzera joandako gidariak edota horiek ikustera bertan bildutakoak bertatik ateratzeko asmoz.
Zauritutako gidariei buruz esan duenez, "ezin izan diete deklarazioa hartu; medikuek galdekatzeko aukera eman arte itxaroten ari gara, eta, hortik aurrera, ikusiko dugu zer inplikazio duten gertakarietan eta atxiloketarik bidezkoa den ala ez".
Maider Etxebarria Gasteizko alkatea gertatutakoarekin "atsekabetuta" agertu da, eta doluminak eman dizkie "gertaera lazgarri" horretako biktimen familia eta gertukoei.
Lekukoei laguntza eskaera
Gasteizko Udaltzaingoak lekukoen laguntza eskatu du bart Jundizko industriagunean izan den istripu lazgarria argitzeko.
Hala, istripua ikusi duten herritarrei dei egin diete eurekin harremanetan jartzeko, 092 edo 945 158 000 telefonoen bidez.