Gizartea -
BIZKAIKO AUZITEGIA
Alexandru Ionita egoera begetatiboan utzi zuten zazpi akusatuen aurkako epaiketa hasiko da gaur
Aurreneko saioan, zazpi akusatuen bertsioa entzungo dugu. Fiskaltzak 14 urte eta 8 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat, hilketa saiakera leporatuta.
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Alexandru Ionita 23 urteko Zornotzako gaztea jipoitu eta egoera begetatiboan uzteagatik atxilotutako zazpi gazteak akusatuen aulkian eseriko dira gaurtik aurrera. Fiskaltzak 14 urte eta 8 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat, hilketa saiakera leporatuta.
Epaiketa gaur hasiko da Bizkaiko Auzitegiko lehen sekzioan, eta gutxienez urtarrilaren 25era arte iraungo du.
Bigarren aldia da gaztearen aurkako erasoa epaituko dutena; izan ere, erasoan parte hartu zuten zortzi adingaberi 3 eta 6 urte arteko zigorrak ezarri zizkieten,e ta adingabeen zentro itxi batean egon beharko dute. Orduan, auzitegiak erabaki zuen erasoaren atzean gaztea "hiltzeko gogoa" egon zela.
Lehen saio honetan zazpi auzipetuek deklaratuko dute. 2021eko uztailaren 25eko gauean gaztea hiltzen saiatzea egozten diete zazpi gizonezko horiei. Akusatu horietako sei behin-behineko espetxealdian daude, eta zazpigarrena aske dago, epaitegian agertzeko betebeharrarekin.
Aurreikusitako bederatzi epaiketa-saioetan zehar, 23 lekukok eta Ertzaintzako 60 agentek baino gehiagok deklaratuko dute, baita perituek eta auzitegi-medikuek ere.
Hogei bat lagunek hartu zuten parte jipoian
Gertakaria 2021eko uztailaren 25ean izan zen, Zornotzako parke batean. Han, 15 eta 38 urte arteko gizon talde batek Alexandru jipoitu zuen, gazteak konortea galdu zuen arte. Jipoia makilak erabiliz eman zioten, eta bilktimak ukabilkadak eta ostikoak jaso zituen. Ondorioz, gaztea koman izan zen, eta gaur egun desgaitasun handiarekin bizi da.
Epaiketaren aurreko egunetan, familiak adierazi du Alexandruren amak "borrokan" jarraitzen duela, eta semana egunero daroala erreabilitazio saioetara.