Gizartea -
OTI Digitala
Aurrerantzean EAEko gurasoek 16 urtetik beherakoen osasun txartel digitalak deskargatu ahal izango dituzte
Lehen fasean, adingabeen Osasun Karpetan sartzeko baimena duten guraso eta legezko tutoreek izango dute soilik aukera. Hurrengo fase batean Osasun Karpetan sartzeko baimenik ez dutenei ere zabalduko zaie aukera hori.
EITB Media
Aste honetatik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoko gurasoek eta legezko tutoreek beren kargura dituzten 16 urtetik beherakoen osasun txartel digitalak deskargatu ahal izango dituzte, Osasun Karpetarako sarbidea baldin badute.
Osasun Sailak Irekia webgunean zabaldutako informazioaren arabera, adin txikikoen Osasun Karpetara sartzeko baimena eta NIK Patrika Digitala aplikazioa eguneratuta dutenek mezu bat jasoko dute adin txikikoaren Osasun Txartel Indibiduala (OTI) digitala deskargatzeko.
APParen bertsio zaharrak dituztenek edo aplikazioa instalatuta ez dutenek SMS bat jasoko dute prestazio berri horren berri emateko.
Adin txikikoen OTI digitalak "harrera ona" izan du orain arte, Lakuabizkarrako osasun zentroan eta Arabako ESI osoan abian jarritako esperientzia pilotua oinarri hartuta Osasun Sailetik nabarmendu dutenez. Orain arte, OTI digitalak 150.513 deskarga izan ditu; horietatik, 911 adin txikikoenak.
Hurrengo fase batean, semea-alaben Osasun Karpetan sartzeko baimenik ez dutenei ere zabalduko zaie aukera hori.
Formatu digitaleko Osasun Txartel Indibiduala (OTI) erabilgarri dago EAEko farmazia guztietan eta hainbat osasun zentrotan, eta pixkanaka Osakidetzaren sare osora zabalduko da.