Gizartea -
ARNAS APARATUKO GAIXOTASUNAK
Gripea edo covid-a duzula adierazten duten sintomak
Gehienetan, etxean trata daitezke arnas aparatuko gaixotasun horiek, baina ez beti. Noiz da gomendagarria larrialdietara joatea gripeagatik edo covidagatik? Erantzuna mediku batek eman digu.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Gripea eta covida duten gaixoen kopurua gora doa etengabe Euskal Herrian, eta urte sasoi honetarako ohikoena den arren, adituak babes-neurriak hartzera deitu dituzte herritarrak; hala, atzotik derrigorrezkoa da ospitaleetan eta osasun-zentroetan maskara jartzea.
Bai koronsabirusa bai gripea arnas aparatuko gaixotasunak dira, eta sintoma oso antzekoak izaten dituzte, Ana Diez Sorrondegik, Osasun Arriskuen Prebentziorako medikuak azaldu duenez. Gaixotasun horietako batekin kutsatuz gero, eztul lehorra, eztarriko mina edo gorputzeko mina izan dezake gaixoak, esaterako.
Asteak daramatzate osasun-etxeetako eta ospitaleetako itxarongeletan covidak eta beste arnas gaixotasun batzuek jotako pazienteak artatzen. Nolanahi ere, beti ez da beharrezkoa medikuarengana joatea. Sinotoma arinak izaten dira, oro har, eta etxean tratatu daitezke.
Hala ere, gaixoa arrisku-talde batekoa bada (haur jaioberriak, 65 urtetik gorakoak, haurdunak, immunodeprimituak, minbizia dutenak...) edo sintomak okerrera egiten badute denborak aurrera egin ahala (sukar handia, arnasa hartzeko zailtasuna...), Diez Sorrondegik gomendatu du familia-medikuarekin hitzordua eskatzea.
Arnas gaixotasun horien sintomak astebetekoak edo zertxobait gehiagokoak izaten dira, baina eztulak bi aste edo gehiago iraun dezakeela ohartarazi du medikuak.