Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Jaurlaritzak jaiotza-baimenak 20 astera luzatzea aztertuko du, Espainiako Gobernuak iragarritakoari jarraiki
Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak azaldu duenez, neurria "mahai gainean" dute, eta Bustinduy ministroak iragarritako proiektua "zertan den eta zein irismen duen" ezagutzen dutenean, Jaurlaritzak bere dekretuan jasotzerik duen aztertuko dute.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak "mahai gainean" du haurren jaiotzagatik emandako guraso baimena 20 astera luzatzeko aukera. Gaur-gaurkoz, 16 astekoa da sektore pribatuan, eta 18 astekoa EAEko administrazio publikoan, baina Pablo Bustinduy Espainiako Gobernuko Eskubide Sozial, Kontsumo eta 2030 Agendaren ministroak bi aste gehiago emateko (20 asteko guraso baimena, alegia) konpromisoa agertu du berriki.
Hala iragarri du Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak gaur, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean. Azaldu duenez, Jaurlaritzak asmoa zuen 2024an baimenok 18 astera luzatzeko dekretu bat argitaratzea. Dena dela, Bustinduyk egindako iragarpenaren ondotik, Jaurlaritzak ere aukera hori aztertuko du. "Proiektua zertan den, zein irismen duen, eta non aplikatuko duten ezagutzen dugunean, Jaurlaritzaren dekretua bide horretan doitu dezakegun ikusiko dugu". Hala, legegintzaldia amaitu baino lehen onartzeko "astia" izango dutelakoan dago.
Bestalde, 3 urte baino gutxiagoko haurrengatik hilero ematen ari diren 200 euroko laguntzak izan ditu hizpide. Fernandezek aitortu du urtarrilean "atzerapenen bat" izan dela ordainketan, "urte berriarekin, aurrekontua eta partidak aldatzen direlako", baina ziurtzat jo du "gaur ez bada, datozen egunetan" jasoko dutela gurasoek dirulaguntza. Zehaztu duenez, martxotik 59.000 eskaera onartu dituzte, eta guztira, 93 milioi euro bideratu dituzte laguntzok emateko.
Azkenik, Espainiako Gobernuak osasun zentroetan maskara derrigortu duela eta, pandemia garaian LABIren batzorde teknikoko burua izandakoa Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren jarrerarekin lerrokatu da. Fernandezen hitzetan, Ministerioaren "moduak" ez dira egokienak izan, eta gogorarazi du "osasun arloan autonomia erkidegoen eskuduntza" dela.