Gizartea -
Musukoak
Jaurlaritzak helegitea jarriko du osasun zentroetan musukoa derrigortzeko erabakiaren aurka
Gasteizko Gobernuak uste du Osasun Ministerioak ez duela "argudiorik" aurkeztu erabaki hori justifikatzeko. Dena dela, "bete" egingo du agindua.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak auzitara joko du Osasun Ministerioak osasun zentroetan musukoa inposatzeko hartutako erabakiaren aurka. Nolanahi ere, Gasteizko Gobernutik argitu dute bete egingo dutela agindua indarrean dagoen bitartean.
Espainiako Gobernuak gaur jakinarazi die erkidegoei gaurtik bertatik derrigorrezkoa dela Estatu osoko ospitale eta anbulatorio guztietan musukoa janztea, arnas birusen inzidentziak behera egin arte.
Hain zuzen ere, bi astez jarraian inzidentziak behera egiten badu erantzi ahalko dute erkidegoek musukoa.
Hemendik aurrera, erkidegoek hilabeteko epea dute ministroaren aurrean helegitea aurkezteko, edo bi hilabetekoa Auzitegi Nazionalean jartzeko.
Horren haritik, Jaurlaritzak auzitara jotzea erabaki du, uste duelako Ministerioak ez duela "argudiorik" aurkeztu agindua justifikatzeko.
Era berean, gaineratu dute Espainiako Gobernuak ez dituela "bete" tankera honetako erabaki bat hartzeko balditza juridikoak, halako neurriek "guztiz salbuespenezkoak" izan behar dutelako.