Gizartea -

Musukoak

Eusko Jaurlaritza "harrituta", Osasun Ministerioaren adierazpenen aurrean

Ohar labur batean jakitera eman duenez, Osasun ministro Monica Garciak adierazitakoaren aurka, Euskadik, oraingoz, ez du jaso musukoak nahitaez erabili behar direla ezartzen duen agindurik.

Osasun langileak maskara jantzita Galdakaoko ospitalean. Artxiboko irudia: EITB Media
Osasun langileak maskara jantzita Galdakaoko ospitalean. Artxiboko irudia: EITB Media
Osasun langileak maskara jantzita Galdakaoko ospitalean. Artxiboko irudia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak "harridura" azaldu du Osasun Ministerioak osasun-zentroetan maskarak erabiltzeari buruz egindakoaren eta adierazpenen aurrean.

Ohar labur batean jakitera eman duenez, Osasun ministro Monica Garciak adierazitakoaren aurka, Euskadik, oraingoz, ez du jaso musukoak nahitaez erabili behar direla ezartzen duen agindurik; "jaso duen gauza bakarra Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren dokumentu bat izan da", gaurko eguneko data daramana, eta bertan, besteak beste, "akordio" gisa agertzen da osasun-zentroetan maskara unibertsalki erabiltzeko betebeharra.

"Egia esan, gaur ez da Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren bilerarik egin, eta ez da gai horri edo beste batzuei buruzko inolako akordiorik lortu", zehaztu du Gobernuak.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak Ministerioaren jarduteko moduaren inguruan duen "harridura" agertu du, eta espero du "Osasun ministroaren iragarpena agindu batean zehaztea, aginduari buruzko iritzia eman aurretik".

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko egoera epidemiologikoa "erabateko normaltasunekoa" da, eta, hortaz, Osakidetzaren ustez ez dago osasun zentroetan eta ospitaleetan maskararen erabilera derrigortzeko arrazoirik.

Enrique Peiro Osakidetzako Osasun Publikoko programa buruak Herri Irratian egin dioten elkarrizketan emandako datuen arabera, covid-19aren zirkulazioak behera egin du, baina gripearen intzidentzia "maila esanguratsuetan" mantentzen da, nahiz eta "inflexio bat" antzematen den.

Ildo horretan, hurrengo bi edo hiru asteetan oraindik kasu asko egon daitezkeela uste du, eta koronabirusari lotuta esan du aldaera berriak pandemia garaian baino "onberagoak" direla.

Peiroren esanetan, EAEn maskararen erabilera derrigortzea ez dago justifikatuta, nahiz eta bere ustez egokiena litzatekeen egunerokoan eraginkorrak diren prebentziozko neurriak hartzea.

Edozein kasutan, nabarmendu du garrantzitsuagoa dela sentsibilizazioa eta konbentzitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainiako Gobernua albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Medikuntza albisteak Maskarak