Gizartea -
Trafikoa
Ilara luzeak sortu dira N-1 errepidean, Tolosan, eta AP-8an, Elgoibarren, bi istripuren ondorioz
Tolosan hiru ibilgailuk talka egin dute, eta 5 kilometrorainoko ilarak eragin ditu istripu horrek, nahiz eta dagoeneko trafikoa bere onera itzuli den. Elgoibarren ere ireki dute itxita egon den erreia.
EITB MEDIA
Goiza nahasia izaten ari da Gipuzkoako errepideetan. Lehen orduan izan diren bi istripuk kaosa eragin dute N-1 errepidean eta AP-8an.
Lehenengo istripua 08:10 aldera gertatu da Tolosa parean, hiru ibilgailuren artean. Ezbeharrean ez da inor zauritu, baina 5 kilometrorainoko ilarak sortu dira bertan. Ordu honetan (10:00) zirkulazioa bere onera itzuli da, ibilgailuak errepidetik kendu, eta Donostiarako noranzkoan itxita egon den erreia ireki baitute.
Bigarrena, berriz, AP-8an jazo da, Elgoibarren, ordu berean. Bi ibilgailuk elkar jo dute, eta kolpearen ondorioz zauritutako pertsona bat Mendaroko ospitalera eraman dute. Han ere ireki dute itxita egon den erreia.