Gizartea -

OSASUNA

Osasun-zentroetan musukoaren erabilera nahitaez ezartzeko eztabaida, mahai gainean

Ospitaleetan eta anbulategietan maskara derrigorrezko jotzea aztertuko dute gaur Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluan. Hego Euskal Herrian, gomendioa da, oraingoz.

Osasun-zentro batean musukoa erabiltzen ari diren bi pertsona. Argazkia: EFE
Osasun-zentro batean musukoa erabiltzen ari diren bi pertsona. Argazkia: EFE
Osasun-zentro batean musukoa erabiltzen ari diren bi pertsona. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnas infekzioen gorakadaren aurrean, osasun-zentroetan eta ospitaleetan musukoaren erabilera nahitaez ezartzeko aukera aztertuko dute gaur, astelehena, adituek, Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluan. Ezohiko osoko bilkuran, "irizpideak bateratzen" saiatuko dira eta autonomia erkidegoek hartu beharko lituzketen neurriak aztertuko dituzte.

Halaber, herritarren immunizazioa sustatzeko jarraibideak zehaztuko dituzte; izan ere, datozen egunetan A motako gripe-kasuek eta bestelako arnas infekzioek gora egiten jarraituko dute. Baliteke urtarrilaren azken astean pilatzea kasu gehienak.

Euskadin, osasun-zentroetan eta ospitaleetan musukoa erabiltzea gomendatu dute adituek. Hala, osasun-sistema tentsioan dagoela onartu du Osasun Sailak, "gainkarga une batzuekin", baina ukatu egin du "kolapsoa" dagoela, eta, beraz, adituek une honetan ez dute beharrezkotzat jotzen "neurri zorrotzagoak hartzea".

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak ez du aurreikusi, oraingoz behintzat, musukoaren derrigortasuna ezartzea, osasun-zentroetan eta ospitaleetan gomendatzen duen arren, Osakidetza prest dagoelako egungoa baino presio igoera handiagoak jasateko, eta herritarren arreta-beharrei "une oro" erantzuten ari delako.

Nafarroan ere, horren erabilera gomendatu dute, oraingoz, eta derrigortasunak araudia doitzea dakarrenez neurria "sakon aztertu" behar dela adierazi dute.

Osasun-zentroetan eta ospitaleetan musukoa erabiltzeko derrigortasuna duela sei hilabete indargabetu zen, 2023ko uztailaren 5ean, hain zuzen ere. Orduan, BOEn argitaratu zen Ministro Kontseiluaren erabakia, osasun-zentroetan eta ospitaleetan horren erabilera derrigorrezkoa izateari uztea ekarri zuena.

Gripeak eta koronabirusak, besteak beste, eragindako arnas infekzioen gorakadaren aurrean, urtez urte sortzen diren arazoak aztertuko dituzte gaurko bileran. Miren Basaras mikrobiologian doktoreak Radio Vitorian azaldu duenez, datozen egunetan kasuek gora egiten jarraitzea espero da, pertsona asko lantokietara eta ikastetxeetara itzuliko baitira.

Testuinguru horretan, txertoak kutsatzeei aurre egiteko neurri eraginkorra direla azpimarratu du Basarasek, eta sintomak dituzten pertsonek, gertukoak babesteko, musukoa erabili beharko luketela erantsi du.

Gripe-kasuak % 27tik % 46ra igo dira astebetean Espainiako Estatuan, eta identifikatutako kasuen % 98,9 A motakoak dira.

Datu horien aurrean, Lehen Mailako Arretako zentroetan maskararen erabilera derrigorrezkoa izatea eskatu dute osasun-arloko profesionalek, gripea, koronabirusa eta bestelako arnas gaixotasunak are gehiago ez zabaltzeko.

Espainiako Gobernuak lege-dekretu bitartez arautu zuen musukoaren erabilera covid-19ak eragindako pandemia garaian, baina, gaur egun, autonomia erkidegoek dute musukoa nahitaez erabili behar den ala ez erabakitzeko ardura.

Hala, autonomia erkidego batzuek Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluaren ezohiko osoko bilkura amaitu arte itxarongo dute, baina txertaketa-kanpainari bultzada ematea adostu dute, eta nahi duenak gripearen zein koronabirusaren aurkako txertoa jaso dezake hitzordurik gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Llanos del Hospital Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Gripea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Ongizatea eta osasuna