Gizartea -

TRAFIKOA

Kateak behar dira Opakua mendatean, lehen izozteak eta elurteak direla eta

Arreta handiz gidatu behar da mendate hauetan: Aiurdin, Andatzarrate, Azazeta, Barazar, Bernedo, Herrera, Urduña eta Urto.

Herrerako mendatea, elurrez gainezka. EITB Mediako erabiltzaile batek bidalitako argazkia
Herrerako mendatea, elurrez gainezka. EITB Mediako erabiltzaile batek bidalitako argazkia
Herrerako mendatea, elurrez gainezka. EITB Mediako erabiltzaile batek bidalitako argazkia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako zenbait mendate itxi dituzte igande goizean zirkulaziorako, goizaldean egindako izotza eta pilatutako elurra dela eta. Ordu honetan, kateak behar dira Opakua mendatean, eta arreta handiz ibili behar da ondorengo mendate hauetan: Aiurdin, Andatzarrate, Arazeta, Barazar, Bernedo, Herrera, Urduña eta Urto.

Horrez gain, zenbait errepidetan, Altuben, Gasteizerako noranzkoan, eta Nafarroa eta Gasteiz arteko tartean, esaterako, kontuz ibiltzeko gomendatu dute.

N-1 errepidean, Etzegaraten, eta N-240 errepidean, Barazarren, besteak beste, elurra kentzeko makinak lanean ari dira, elurra eginez gero zirkulazioa errazteko.

Gainera, gaur goizean, bi pertsona erreskatatu dituzte Zuian, Altube ibaira erori ostean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Istripua Altuben. Argazkia: Ertzaintza

Istripua 08:45 aldera jazo da, A-2522 errepidean, ibilgailua bidetik atera eta ibaira erori denean.

Goizean goiz, Bernedo eta Herrera mendateak itxita egon dira ibilgailuen zirkulaziorako. Halaber, kateak behar izan dira Opakuan, Azazetan eta Herreran, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez.

Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko errepideen sare nagusia irekita dago, eta inolako arazorik gabe ibil daiteke tarte gehienetan.

Nafarroan, berriz, azken orduetan izandako prezipitazioek eta elurteek oztopo ugari eragin dituzte errepidean. A-15 errepidean, Leitzarango autobidean, bost auto-istripu egon dira.

Hori dela eta, errepideetako joan-etorrietan kontuz ibiltzeko eskatu die Nafarroako Gobernuak herritarrei, bereziki iparraldean eta erdialdean, igande goizean elur-kota 800 metrora jaitsi daitekeelako. 

Eguraldiaren iragarpenaren arabera, zerua hodeitsu egongo da gaur Nafarroan, eta euria egingo du, batez ere Nafarroako iparraldean. Halaber, elur-kota 600 metrora jaitsiko da arratsaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Gizartea Trafiko webkamerak Elurra Eguneko albisteak Albisteak