Gizartea -
Urtegiak
Urtegiek ia % 80 beteta abiatu dute urtea, iazko datuak bikoiztuta
Datuek hazkunde nabarmena adierazten dute, duela urtebete bildutakoen aldean, eta, era berean, azken hamar urteetako batez bestekoa hobetzen dute.
Itxaso Leon Kareaga | EITB Media
Hego Euskal Herriko urtegiek euren edukiera osoaren % 79,3 beteta hasi dute 2024 urtea. Datuok azken hamarkadako batez bestekoaren gainetik daude (% 59,4 urteko lehen astean), baita iazko aste berekoen gainetik ere (% 42,56an zeuden orduan).
Azken asteko prezipitazioek 22 hm³-an handitu dituzte urtegi horien erreserbak, egun 1.008 hm³ zenbatzen dituztenak.
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren datuen arabera, baliabide hidrikoen irabazi honekin, iazkoen aldean 547 hm³ gainetik daude egungo erreserbak.
Esako urtegiak 372 hektometro kubiko biltzen ditu unean; beraz, edukiera osoaren % 83,22an dago, eta iaz, berriz, % 29,08an.
Bestalde, Itoizko urtegiaren erreserbak 327 hektometro kubikokoak dira, hau da, betetze ahalmen osoaren % 78,42. Duela urtebete, % 44,6an egon zen.
Arabako Uribarri Ganboako urtegia bere guztizko edukieraren % 73,97an dago (146 hm³-rekin, alegia), eta Urrunagakoa, berriz, % 70,83an (51 hm³).