Gizartea -
URTARRILAK 1
Bost pertsona atxilotu dituzte Bilbon, Albia lorategietan izandako liskar batean parte hartzea leporatuta
Hainbat pertsona artatu dituzte eta horietako bat Basurtuko ospitalera eraman dute. 20 eta 26 urte bitarteko bost atxilotuak datozen orduetan eramango dituzte epailearen aurrera.
EITB Media
Ertzaintzak 20 eta 26 urte bitarteko bost pertsona atxilotu ditu goizaldean Bilbon, Albia lorategietan izandako liskar jendetsu batean parte hartzea leporatuta. Osasun langileek hainbat zauritu artatu dituzte eta horietako bat Basurtuko ospitalera eraman dute.
Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, goizaldeko bostak aldera abisua jaso dute Albiako lorategien inguruan istiluak gertatzen ari zirela ohartarazteko. Lehen unean bertaratu diren ertzainek pertsona bat atxilotu dute inguruetan. Halaber, lepo inguruan zauria zuen pertsona bat artatu dute.
Aldi berean, arma zuriek edo hautsitako kristalezko botilek eragindako ebakiengatik hainbat pertsona artatu dituzte eta horietako bat azkenean Basurtuko ospitalera eraman dute.
Lehen atxiloketaren ondotik, beste lau pertsona atxilotu dituzte: bat Indautxu inguruan eta gainerakoak, Barroeta Aldamar Kalean.
20 eta 26 urte bitarteko bost atxilotuak datozen orduetan eramango dituzte epailearen aurrera.