Gizartea -
Udaltzaingoa
Gasteizko Malibu diskoteka aldi baterako itxi eta zigilatu dute
Dantzalekua Dato kalean dago, eta urte amaierako kotiloi bat egitekoa zen. Itxierak indarrean jarraitzen badu, ezin izango da egin. Horretarako, establezimenduak hainbat eskakizun bete behar ditu.
EITB Media
Gasteizko Udaltzaingoak zigilatu egingo du Arabako hiriburuko Dato kalean dagoen Malibu diskoteka. Kautelazko neurria da, Udaltzaingoak ohar labur batean azaldu duenez.
Hiri Eredu, Hirigintza, Etxebizitza, Garbiketa eta Ingurumen Arloak ebazpena plazaratu du asteazken honetan, kautelazko neurri hori hartzeko agindua emanez. Horrela, establezimendua aldi baterako ixtea eskatu du, jabeak helarazten zaizkion eskakizunak betetzen ez dituen bitartean.
Ebazpenean honako hauek aipatzen dira, besteak beste: esparru horretako espazioen erabilera, obrak egitea dagokien baimenik gabe, instalazioen egoera egiaztatzen duen dokumentaziorik ez izatea edo suteen aurkako segurtasun arloko hainbat akats.
Eskakizun horiei erantzuten ez zaien eta Udaleko teknikariek aldeko txostena ematen ez duten bitartean, itxiera indarrean egongo da eta zehapen-espedienteak aurrera jarraituko du. Diskotekak urte amaierako kotiloi bat zuen aurreikusita, baina itxierak indarrean jarraitzen badu, ezin izango da egin.