Gizartea -

ABENDUAK 24

Iritsi da Eguberrietako lehen egun handia: gabon eskeak, gabon afaria, Olentzero eta Mari Domingiren bisita...

Baiona eta Bilbotik igaro ostean, 18:00etan iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Donostiara, Gasteizera eta Iruñera. Hemen dituzu egitarauak.

Haur talde bat Gabon eskean. Argazkia: EITB Media
Haur talde bat Gabon eskean. Argazkia: EITB Media
Haur talde bat Gabon eskean. Argazkia: EITB Media

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iritsi da Gabon eguna, eguberri jaien liturgia hasieraren bezpera. Izan ere, abenduaren 24ko gauarekin ekingo diegu Eguberri eta Errege egunen arteko egunei. Fededun izan zein ez izan, Euskal Herri osoan ospatzen da gaurko gaua, familia giroko afari berezi batekin hasi, eta urtean zehar "txintxo" portatu denak opariak jasoz, gauean bertan edo hurrengo goizean.

Olentzero eta Mari Domingi dira euskal tradizioan, aspalditik bata eta duela gutxiagotik bestea, opariak banatzen aritzen direnak. Galtzak bete lan ibili dira egunotan gaur gauean aurreikuspen guztiak betetzeko, baina aurreko larunbatean Baionan eta atzo Bilbon bezala, geldialdi txikiak egingo dituzte gaur arratsaldean Donostian, Gasteizen eta Iruñean, desfileetan parte hartzeko.

DONOSTIA

Noiz: Abenduaren 24an, igandean, 18:00etan.

Ibilbidea: Kalejira Ijentea kalean (Udaletxearen atzeko partea) hasiko da. Ondoren, Hernani kalea hartuko du, Askatasunaren hiribiderantz. Segizioak Loiola, San Martzial eta Getaria kaleetatik jarraituko du, eta Txurruka kalean bukatuko da desfilea.

Antolatutako ekitaldiak:

Tradizioari jarraikiz, 11:45ean, Udaletxeko terrazara aterako dira Olentzero eta Mari Domingi, donostiar guztiak agurtzera, eta, jarraian, hiriko hainbat auzo bisitatuko dituzte ibilgailu klasiko batean. 6 urtertik gorako donostiar guztiei ibilbidea bizikletan egiteko gonbita egin diete.

Arratsaldean, 15:30etik aurrera, umeen gutunak jasoko dituzte Udaletxeko Pleno Aretoan. Bertan egongo dira 17:30 arte. Alderdi Ederreko terrazako sarbidean egingo da ilara, eta 17:10ean itxiko dute. 

18:00etan, desfile tradizionala hasiko da, eta aurten pertsonaia mitologikoak izango dira bertan: lamiak, Mari, Tartalo, Otxoko, sorginak... Guztira 510 lagunek osatuko dute desfilea, 1.000 kilo gozoki baino gehiago jaurtiko dituzte, zeliakoentzat egokiak.

 

Bi pertsonaiak, artxiboko argazki batean. Argazkia: Donostiako Udala.

GASTEIZ

Noiz: Abenduaren 24an, igandean, 18:00etan.

Ibilbidea: Desfilea (400 bat lagun eta hiru karroza) Iparralde Gizarte Etxea izango du abiapuntu, eta Legutioko atea eta Frantzia, Bakea, Olagibel eta Mateo Moraza kaleetatik ibili ondoren, Andre Maria Zuriaren plazan bukatuko da. 

Antolatutako ekitaldiak:

Goizean, 10:00etatik 15:00etara, Olentzerok eta Mari Domingik harrera egingo diete haurrei, Udaletxeko Harrera Aretoan. 

Desfilea 18:00etan hasiko da, eta kalejiraren amaieran, 19:00etan, Olentzerok eta Mari Domingik bertan elkartutako lagunak agurtuko dituzte. Gainera, gaztain erreak banatuko dira.

Aurreko harrera bat. Argazkia: Radio Vitoria.

IRUÑEA

Noiz: Abenduaren 24an, igandean, 18:00etan.

Ibilbidea: Kalejirak Iruñeko Arte Eskola izango du abiapuntu, Iturralde y Suit kalean, hain zuzen. Handik, Gonzalez Tablas kalera joango dira, Zabalgunea zeharkatuta, eta ibilbide hau eginda: Paulino Caballero, Nafarroako Gorteen Kalea, Karlos III. Noblearen etorbidea, Gazteluko plaza, Txapitela kalea, Calceteros kalea, Udaletxe plaza eta Mercaderes, Estafeta eta Amaia kaleak. Iruñeko Alde Zaharretik Zabalgunera itzuliko da desfilea. 

Antolatutako ekitaldiak:

13:00ak aldera, Olentzero Iruñeko Udaletxeko balkoira aterako da bertaratutakoei Gabon zoriontsuak opatzeko.

Aurtengo desfileak karrika dantzak berreskuratuko ditu, eta horiek izango dira kalejiraren buru, 18:00etan hasita.

Segizioa Udaletxe plazara helduko da, eta Cristina Ibarrola alkateak harrera egingo dio, 19:20 aldera. 

Euskal historian eta ohituretan murgilduta, Olentzeroren jatorriaren bila
Euskal historian eta ohituretan murgilduta, Olentzeroren jatorriaren bila
Euskal historian eta ohituretan murgilduta, Olentzeroren jatorriaren bila

3:43

Gabon-eskeak

Goizean goizetik, gainera, ehunka talde aterako dira gabon eskean Euskal Herriko herri eta auzoetan. Tradizioa da abenduaren 24an eskoletako haurrak zein mota guztietako talde eta elkarteak etxez etxe kantari joatea, dirua biltzeko asmoz.

Goizean goiz hasi ohi dira kantuan, urrutien dauden baserrietatik askotan, eta arratsalde-iluntzean bukatu ohi dute herrigunean. Usadio zaharrei lotutakoa da kantu eskea, baina sare sozialen garai hauetan, biral ere bihurtu dira zenbaitetan, 2017ko "gabon-eskale dantzariak", esate baterako.

1970eko hamarkadatik omen dator berez gabon eskea, eta horren lekuko, aurten, Urrestillan (Azpeitia), 50. gabon eskea ospatzea, adibidez.

Kantuan atera edo ez, gozatu egunaz, eta Eguberri on!

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala Donostiako Udala Bilbo Donostia Iruñea Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gabonak Olentzero Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Umeak Iruñeko Udala