Gizartea -
2023ko Gabonetako Loteria
Gabonetako Loteriak 15.681.000 euro utzi ditu Hego Euskal Herrian, oso banatuta
Sari potoloak (88008) 4,8 milioi euro eraman ditu Gipuzkoara, gehiena Zarautzera, eta 2,4 milioi Bizkaira. Bosgarren sari batek (57421) 5,4 milioi banatu ditu Bilboko Ledesma kalean.
eitb media
Aurtengo Gabonetako Loteriaren zozketa ez da bereziki eskuzabala izan Euskal Herriarekin, baina sari potoloak, 88008 zenbakiak, diru asko banatu du, batez ere Gipuzkoan (4,8 milioi) eta Bizkaian (2,4 milioi).
Zure interesekoa izan daiteke:
Lehenengo sariak markak hautsi ditu gaurkoan, inoizko sari 'potolo' berantiarrena izan baita (13:15ean abestu dute). Arabari izkin egin dion arren, 8,8 milioi euro banatu ditu Hego Euskal Herriko hamaika udalerritan.
Horrela, Zarauzko Eroski merkataritza-guneko loteria-administrazioa da EAEn sari potoloaren dezimo gehien saldu dituena: zortzi dezimo, guztira 3,2 milioi euro.
Sari nagusiaren beste hiru dezimo saldu dira Donostian, bat Errenterian eta beste bost Bizkaian (Barakaldo, Bilbo, Ermua, Etxebarri eta Ortuella). Nafarroan, Iruñeak lehen sariaren beste hiru dezimo saldu ditu, Magdalena kalean, eta beste laugarren bat Cordovillan, La Morea merkataritza-gunean.
Bigarren sariak (58303) zorioneko bakarra utzi du, kasu honetan Gasteizen. Dezimo bakarra saldu da, Wellingtongo Dukearen kalean, eta 125.000 euro egokitu zaizkio erosleari.
Hirugarren sariak (31938) eta laugarren sariek (93361 eta 41147) erabat saihestu dute Hego Euskal Herria.
Baina euro gehien banatu dituen zenbakia 57421 izan da, bosgarren sarietako bat, alegia. Bilboko Ledesma kalean saldu da, eta loteria-administrazio horrek 5,4 milioi euro banatu ditu leihatilan. Atzo bertan saldu zuten zenbaki horren azken dezimoa.
Algorta Getxoko auzora ere iritsi da dirua. Bosgarren sari batek (01568) 900.000 euro eraman ditu bertara. Ia dena leihatilan salduta zegoen, eta zenbakia gertuko tailer batek zeukan erreserbatuta. Gainerako bosgarren sariek ere dirua banatu dute Hego Euskal Herriko hainbat herritan.
Guztira, Gabonetako zozketa bereziak 13,9 milioi euro utzi ditu Euskadin, eta Bizkaia izan da lurralde zorionekoena, 9,6 milioi euro irabazi baititu. Iaz 88 milioi euro egokitu ziren EAEn hainbat saritan. Nafarroan, berriz, loteriak 1,7 milioi euro inguru utzi ditu.
Sariok arratsaldetik bertatik kobratu ahal dira, behin egiaztapen guztiak amaituta, baina 2024ko martxoaren 22ra arteko epea dago horretarako.
Dirua kobratzeko, dezimoa bera edo saritutako zenbakiaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. 2.000 euro baino gutxiagoko sariak eskudirutan edo Bizum bidez jaso ahalko dira loteria-administrazioetan. Sari potoloagoak (2.000 euro baino gehiagokoak) baimendutako finantza-erakundeetan (BBVA eta Caixabank) kobratu ahalko dira bakarrik.
Gaurkoaren aurretik, sari potoloa 45 aldiz egokitu da Hego Euskal Herrian, 37tan EAEn eta 8tan Nafarroan (bost aldiz Iruñean, eta behin Altsasun, Tuteran eta Fiteron). Bizkaia izan da zorionekoena, 20 urtean jausi baita sari potoloena bertan (gehien jokatzen duena ere bada). Gipuzkoan, 15 bider banatu dute lehen saria, eta Araban, 3tan.
Bizkaitarrak dira loteriazaleenak, eta lurralde horretan egiten dute batez beste gastu handiena: 100,94 euro pertsonako. Ondoren dago Gipuzkoa (63,25 euro), eta tarte batera, Araba (58,26 euro) eta Nafarroa (58,24 euro).