Gizartea -
Espainiako Gobernua
Jaiotza-baimenak 20 astera luzatuko dituzte, eta 8 astekoa, seme-alaben hazkuntzarako, ordaindua izango da
Gainera, Eskubide Sozial, Kontsumo eta 2030 Agendaren ministro Pablo Bustinduyk konpromisoa hartu du 2024an familien legea onartzeko. Bustinduyk bere lantaldearen kargu-hartze ekitaldian egin ditu iragarpen horiek.
EITB Media
Eskubide Sozial, Kontsumo eta 2030 Agendaren ministroak, Pablo Bustinduyk, konpromisoa hartu du 2024an familien legea onartzeko eta neurri batzuk abian jartzeko, hala nola jaiotzagatiko baimenak 16 astetik 20ra luzatzea eta zortzi asteko baimen berriaren ordainsaria gurasoentzat, seme-alabek 8 urte bete arte.
Kontsumoari dagokionez, ministroak Bezeroen Arretarako Zerbitzuen Legea onartzea jarri du helburutzat datorren urterako. Lege horrek bezeroen itxaronaldiak gehienez 15 egunera murriztuko ditu erreklamazioetan, eta gehienez 3 minutura telefono bidezko kontsultetan.
Bustinduyk bere lantaldearen kargu-hartze ekitaldian egin ditu iragarpen horiek: Rosa Martinez Gizarte Eskubideen Estatu idazkaria, Ruben Baz Ministerioko idazkariordea, Bibiana Medialdea Kontsumo eta Joko idazkari nagusia, Ricardo Molero kabineteko zuzendaria, Daniel Arribas Kontsumoko zuzendari nagusia eta Paula Fernandez 2030 Agendako zuzendari nagusia.
"Konpromiso publikoa da familien legearen onarpenean azkar aurrera egitea", ziurtatu du ministroak, zor historiko bat kitatzeko eta familia mota guztiak juridikoki aitortzeko, eskubideetan irabaziko dutelako eta "gizarte-babesean, kontziliazioan eta ongizate-politiketan jauzi kualitatiboa" delako.
Bustinduyk nabarmendu du zortzi asteko baimenak ordaindu behar direla 8 urtera arteko adingabeak zaintzeko. Ministroaren konpromisoa, gobernu-akordioa eta Europako Parlamentuaren zuzentarau bat betez, 2024an zortzi asteetatik lau ordaintzen hastea da.
Ministerioaren asmoa familien legea ahalik eta eperik laburrenean aurrera eramatea da, eta hainbat bide aztertzen ari da. Nolanahi ere, legea onartzeko epeak uztailetik aurrera luzatzen badira, ez da baztertzen jaiotza-baimenen asteak luzatzeko neurriak eta orain arte ematen ez ziren baimenen ordainsariak, errege-dekretu bidez, bereizita aurrera ateratzeko aukera.