Gizartea -
IRAUNKORTASUNA
Donostiako isuri gutxiko eremuak Boulevardetik Araba Parkerainoko tartea hartuko du
Urtebete barru, etiketarik gabe, baimenik gabe eta egoiliarrak ez diren ibilgailuak ezin izango dira eremu horretan sartu. 2028tik aurrera, berriz, "B" ingurumen-etiketa duten ibilgailuak ere ez dute baimenik izango zonalde horretan sartzeko, baimendutako salbu.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Donostiako Udalak urtebete barru, 2024aren amaieran jarri asmo du indarrean Isuri Gutxiko Eremua, erdiguneko trafikoan murrizketak eragingo dituenak. Hasierako proposamenaren arabera, Donostiako erdigunea hartuko du eremu horrek, alegia, Boulevardetik hasi eta Araba parkeraino, tarteko kale guztiak eta San Roke auzoa barnean hartuta. Faseka egingo da, 2030ean amaitu arte, eta, hasiera batean hiriko ibilgailuen % 10i bakarrik eragingo die.
Egitasmoa indarrean sartzen denean, eremu horretara ezingo dute sartu ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuek, baimendutako ibilgailuak edo egoiliarrak ez badira, eta 2028tik aurrera "B" ingurumen etiketa dutenek ere ezingo lukete Isuri Gutxiko Eremuan sartu, baimendutako ibilgailua salbu.
Hala iragarri dute astearte honetan Eneko Goia hiriko alkateak, Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Iraunkorreko ordezkariak eta Marisol Garmendia Ekologiako ordezkariak. Agerraldian, alkateak azaldu du Udalak "prozesu luze, konplexu eta parte-hartzaileari" aurre egin behar diola, eta, horretarako, ahalik eta gehien partekatzen saiatuko direla, ahalik eta inpresio eta ikuspuntu gehien biltze aldera, harik eta 2024ko abenduaren 31n indarrean sartu arte".
Asmoa da 2030erako isurketak % 30-40 murriztea. Isuri Gutxiko Eremu horren barruan, hirian joan-etorrien dentsitaterik handiena duten tokiak egongo dira, atmosferako kutsatzaileen kontzentrazio handiena dutenak. Alde Zahar osoa, Donostiako Gune Erromantikoa, Amara Zaharra eta San Roke hartzen ditu, Mendeurrenaren Plazaraino.
Udalak matrikulak kontrolatzeko kamerak jarriko ditu martxan. Kamerok gune horietara sartzeko kale nagusietan banatuta egongo dira eta ibilgailuen plakak automatikoki irakurriko ditu. Udalak baimendutako ibilgailuen zerrenda bat izango du (egoiliarrak, profesionalak, desgaitasuna duten pertsonak, langileak). Ibilgailu horiek bertara sartu ahal izango dira, baita ibilgailuak legeak isuriei buruz ezarritako baldintzak betetzen ez baditu ere.
Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana ere aurkeztu da. Bi proiektu horiek Gobernu Batzordeak onartuko ditu dena ondo bidean, abenduaren 26an, eta, ondoren, eztabaidarako tartea izango da eta herritarrek, erakundeek elkarte nahiz alderdi politikoek ekarpenak egin ahal izango dituzte.