Gizartea -

IPAR EUSKAL HERRIA

Haserrea Baionako Udalean, debekua errespetatu ez eta faroltxoak askatu zituztelako atzo ehunka lagunek

Paperezko faroltxoen hondakinak nonahi agertu dira gaur Baionan. Jean Rene Etchegaray alkateak gogorarazi du Udalak bertan behera utzi zuela atzo ekitaldia, eta gertatutakoa "onartezina" dela esan du. "Zentzua" eskatu du datorren larunbaterako.

Faroltxo baten hondakina, lurrean, Baionan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Faroltxo baten hondakina, lurrean, Baionan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Debekuaren gainetik, faroltxoak aireratu zituzten askok atzo Baionan, eta hondakin ugari agertu dira gaur

0:36

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haize bortitza zela eta, bertan behera geratu zen larunbat iluntzean faroltxoak aireratzeko ekitaldia Baionan. Ordurako, baina, 12.000 ale salduta zeuden, eta ehunka lagunek sua piztu eta zerura botatzea erabaki zuten, euren kabuz, debekuari jaramonik egin gabe.

Gaur, faroltxoen hondakinak nonahi agertu dira Baionan: ibaiertzean, zuhaitzetan, kaleetan...

Oso haserre mintzatu da Jean Rene Etchegaray Baionako auzapeza: "Jende kopuru bat gainditzen denean, jarrera onartezinak agertzen dira. Jarrera horiek kondenatzen ditut. Faroltxoak ez ziren aireratu behar, ekitaldia debekatu egin bainuen, eguraldiagatik". Izan ere, haize handia zela eta, arriskutsua izan zitekeen horrebeste suzko faroltxo aireratzea, baina askok eta askok ez zuten debekua errespetatu.

Ekitaldia datorren larunbatera atzeratu zen ofizialki, eta hitzordu horren aurrean, "zentzuz" jokatzeko eskatu du alkateak: "Atzokoa ikusita, faroltxoen salmenta mugatuko dugu, eta guztiak saltzen direnean, ez da gehiago izango".

Faroltxoak askatzeko ekitaldi ofiziala abenduaren 16an egingo dute, 19:30ean, Errobi ibaiaren ertzean.

Aurtengoa azken edizioa izan daiteke, Pirineo Atlantikoetako prefetak debekatu egin nahi duelako datorren urterako, ikusmin handia eragiteaz gain, polemika ere eragiten baitu ikuskizunak. Izan ere, euren ibilbidea amaitutakoan, edonon erortzen dira, eta hondakin ugari sortzen dira horrela. Arrazoi horregatik beragatik, polemika izan da aurten Iruñean ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea argazkiak Baiona Gabonak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Ekologia azken ordukoa Lapurdiko azken ordua