Gizartea -

Astigarraga

Hirugarren solairutik erorita hil zen haurraren familiak Astigarragaren maitasuna eskertu du

Saharako bandera bat eta ikurrina bat buru zirela, Astigarragako Foru Plaza Brahim omentzera joan diren herritarrez bete da eguerdian. Bizilagunek eta Udalak erakutsitako "babesa eta maitasuna" eskertu ditu familiak.

Astigarragako Foru Plaza, gaur eguerdian. EFE.
Astigarragako Foru Plaza, gaur eguerdian. EFE.
Astigarragako Foru Plaza, gaur eguerdian. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brahimen familiak, asteazkenean Astigarragako bere etxean hirugarren solairutik erorita hil zen bi urte baino gutxiagoko haur sahararraren familiak, eskerrak eman dizkie igande honetan Astigarragako bizilagunei eta Udalari.

Saharako bandera bat eta ikurrina bat buru zirela, Astigarragako Foru Plaza Brahim omentzera joan diren herritarrez bete da eguerdian.

"Familiaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiet bizilagunei, nire jendea zaretelako, min honetan eta une zail honetan jasotako maitasunagatik", adierazi du Brahimen aitak.

Era berean, eskerrak eman dizkie Errenteriako bizilagunei (han bizi izan zen familia hainbat urtetan), bi herrietako komunitate musulmanari eta Euskadiko komunitate sahararrari, eta, bereziki, Astigarragako Udalari, "hasiera-hasieratik" elkartasuna adierazi baitie eta familiari laguntzen ari baita semea Saharan lurperatu ahal izateko.

"Astigartarrak gara, nire seme-alabak hemen jaio ziren, nire jendea zarete, eta hala erakutsi diguzue", esan du.

Eñaut Elorrietaren eta Aziza Bailimen "Desio bat dut" abestiak eman dio amaiera ekitaldiari. Abestiaren hitzak Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak eta Brahimen aitak irakurri dituzte, euskaraz eta arabieraz, hurrenez hurren, eta bertaratutakoen txalo zaparrada jaso du familiak.

Minutu batzuk geroago, Brahimen familiako haurren ikaskideak eta lagunak haiek besarkatzera joan dira udaletxeko arkupera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Astigarraga Albisteak Nerabezaroa albisteak