Gizartea -
Real Sociedad
25 urte dira Aitor Zabaleta, futbolean indarkeriaren aurkako sinbolo bihurtu dena, hil zutenetik
Ricardo Guerra Atletico Madrileko ultrak hil zuen Zabaleta, labankadaz, Vicente Calderon zelaiaren inguruan. Bultzada Txuriurdina peñak manifestazioa deitu du Donostian.
M. D. | EITB Media
25 urte bete dira gaur Ricardo Guerra Atletico Madrileko ultrak Aitor Zabaleta Realaren jarraitzailea hil zuenetik, labankadaz, 1998ko abenduaren 8an. Mende laurden geroago, 28 urte zituen zale txuri-urdinaren irudia gogoan dute oraindik ere Realeko jarraitzaileek, sinbolo bihurtuta.
Aitor Andoaingo Izar peñak antolatutako bidaia batean joan zen Madrilera, talde zuri-gorriaren aurkako UEFAko final-zortzirenetako partida ikustera. Zabaletarekin zihoazen lagun batzuek epaiketan azaldu zutenez, Madrilgo taberna batean sartu ziren, udaltzain baten gomendioari jarraituta, partida hasi aurretik zerbait hartzeko.
Jarraitzaile txuri-urdinak tabernatik atera ziren Bastion 1903ko ultrak bertan zeudela konturatu zirenean. Frente Atletico taldetik sortutako atala zen. Ultrak atzetik joan zitzaizkien, eta Zabaleta harrapatu zuten. Ricardo Guerrak (25 urte) labankadaz hil zuen.
Guerrari 17 urteko kartzela zigorra jarrio zion 2000. urtean Madrilgo Probintzia Auzitegiak, Aitor hiltzeagatik. Zabaletaren familiak beti uste izan du epaia ez zela nahikoa, Guerraren beste hiru lagun errugabetu zituztelako.
Zabaletaren heriotzak futbolaren mundua hunkitu zuen, bereziki Gipuzkoa. Ordutik, Zabaletaren omenezko ekitaldiekin eta manifestazioekin gogoratzen dute. Atleticoren estadioan, harmailaren zati batek Zabaletaren aurkako eta hiltzailearen aldeko kantu iraingarriak abesten jarraitu zuen.
Aurten, Zegamako gaztearen senitartekoak haren hilobira joango dira berriro, futbol zelaietan indarkeriaren aurkako ikur bihurtu den zale txuri-urdina gogoratzeko.
Gaur, bestalde, Bultzada Txuriurdina peñak manifestazioa deitu du 19:00etan Donostiako Boulevardean, Zabaletaren omenez eta faxismoaren aurka.