Gizartea -
Adimen artifiziala
EBk gaur jarraituko du adimen artifizialaren legearen inguruko negoziazioekin, akordiotik gertuago
EFE agentziak aipatutako iturrien arabera, EBko erakundeek aurreakordioa lortu dute ChatGPT eta antzeko sistemen oinarri diren fundazio-ereduak arautzeko arauei buruz.
Agentziak | EITB Media
Europar Batasuneko Kontseiluak, Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak aurrera egin dute adimen artifizialaren legea adosteko negoziazioetan. Gaur, ostirala, negoziazioei ekin diete berriro 09:00etan, 22 orduko elkarrizketen ondoren.
EFE agentziak aipatutako iturrien arabera, EBko erakundeek aurreakordioa lortu dute ChatGPT eta antzeko sistemen oinarri diren fundazio-ereduak arautzeko arauei buruz.
Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak X sare sozialean iragarri duenez, "aurrerapen asko lortu dira azken 22 orduan", eta Brando Benifei sozialdemokratak esan du "eskakizun handiko maratoia" izan dela.
Hasiera batean, ez zen aurreikusten legeak adimen artifizial sortzaileak oinarri dituen ereduak arautzea. Orduan, 2021eko apirilean, OpenAI enpresaren ChatGPT sistema artean sortu gabe zegoen.
Ordutik, EBk horiek sartzeko modua bilatu du, eta hori izan da bere erakundeen arteko tirabiren puntu nagusietako bat.
Enpresek jardunbide egokien borondatezko kode batekin konpromisoa hartzea nahi zuten estatuek, fundazio-ereduak pertsonentzat arriskutsuak ez direla bermatzeko eta ziurtatzeko adimen artifiziala entrenatzeko erabiltzen diren datuek ez dutela bereizkeriarik egiten sexu, arraza edo erlijio arrazoiengatik.
Europako Parlamentuak, aldiz, enpresak behartu nahi zituen sistemak seguruak direla egiaztatzera, arrisku-testuinguruetan erabili aurretik, osasunean, justizian eta lan esparruan, esaterako.
Negoziazioetan tirabirak eragin dituen beste puntu nagusia araudiko salbuespenak dira. Gobernuek espazio publikoetan zaintza biometrikoa denbora errealean ahalbidetu nahi dute, delituak saihesteko, eta Europako Parlamentuak, berriz, oinarrizko eskubideen kontra doala uste du.