Gizartea -
TRAFIKOA
Eusko Jaurlaritzak 605.000 joan-etorri aurreikusten ditu abenduko zubian, eta zuhurtzia eskatu du errepideetan
Trafiko Zuzendaritzak bereziki arretaz gidatzea aholkatu du Armiñongo lotunean, AP-8 autobidean Iparralderako noranzkoan, eta A-8 errepidean Kantabriarako mugan.
EITB Media
Gaur hasiko da, ofizialki, bost eguneko zubia eta Eusko Jaurlaritzak zuhurtzia eskatu du errepideetan, 605.000 joan-etorri aurreikusten baitira igandera bitartean. Ohi bezala, bereziki, arretaz gidatzea gomendatu du: Armiñongo lotunean, AP-8 autobidean Iparralderako noranzkoan, eta A-8 errepidean Kantabriarako mugan.
Zehazki, 260.000 joan-etorri aurreikusten dira A-8an, Kantabriarako noranzkoan; 240.000, AP-8 autobidean Iparralderantz, eta 255.000, Armiñongo lotunean.
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak prentsaurrekoa eskaini du gaur eguerdian, Durangon, irteera operazioari buruzko xehetasunak emateko. Trafiko bolumen handia izatea espero denez, zuhurtzia areagotzeko eskatu die gidariei.
Urte hasi denetik 41 pertsona hil dira EAEko errepide sarean. Iaz, abenduko zubiak iraun zuen 10 egunetan, Ertzaintzak 73 trafiko istripu zenbatu zituen, eta horietan 13 pertsona larri zauritu ziren.
Denboran atzera eginda, 2021ean izan zen, aurtengoa bezala, sei eguneko zubia. Orduan, abenduaren 3tik 8ra bitartean, Ertzaintzak 49 trafiko istripu erregistratu zituen eta hiru zauritu larri izan ziren.