Gizartea -
TRAFIKO ISTRIPUA
Egoera kritikoan jarraitzen du Lezoko istripuan zaurituetako batek
Igande goizaldean Lezon izandako istripuan bi mutil gazte hil ziren eta horiekin autoan zihoan beste neska bat oso larri dago. Laugarren bidaiaria ere erietxean dago.
EITB Media
Igande goizaldean Lezon bi autok talka egin ostean, bi pertsona hil eta bost zauritu ziren. Hain zuzen ere, zaurituetako batek, hildakoen auto berean zihoan neska gazteak oso larri jarraitzen du Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboko Unitatean. Laugarren bidaiaria ere erietxean dago.
Ezbeharra 03:45ean gertatu zen GI-636 errepidean, Lezo parean, Frantzian matrikulatutako BMW 116 autoak Espainiako matrikula zuen Ford Orion bat aurrez aurre jo zuenean. Lau lagun zihoazen bigarren auto horretan, eta, kolpearen ondorioz, bidaiarietako bi bertan hil ziren, 20 urteko eta 22 urteko bi mutil, hain zuzen ere.
Ertzaintzak BMWko gidaria atxilotu zuen, Frantziako nazionalitatea duen 21 urteko gizonezko bat. Atxilotuari bide-segurtasunaren aurkako delitua eta zuhurtziagabekeria larriagatik eragindako giza hilketa leporatu dizkiote, Ertzaintzak egindako lehen ikerketen ondorioz.
Atxilotuak Donostia Ospitalean jarraitzen du, eta epailearen esku utziko dute sendagiria jasotzen duenean. BMW autoan zihoazen beste biek ere erietxean jarraitzen dute.