Gizartea -

Indarkeria matxista

Eraso matxista gisa ikertzen ari dira Coruñan emakume baten hilketa

Guardia Zibilaren hipotesi nagusia da gizonak arma zuri batekin hil zuela emakumea, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuela.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistako krimen gisa ikertzen ari da Guardia Zibila Sigüeiroko etxebizitza batean, Coruña probintziako Oroso udalerrian, indarkeria-zantzuak zituzten laurogei urte beteta zituzten senar-emazte batzuen gorpuak agertu izana.

80 urteko emakumearen eta 88 urteko gizonaren hilotzak senide batek aurkitu ditu gaur, ostiralean, Castaños kaleko etxebizitzara iritsi denean. Ikerketaren arabera, gizonak arma zuri batekin hil du emaztea, eta, ondoren, bere buruaz beste egin du.

Galiziako Larrialdi Zerbitzuek 11:15 aldera izan dute gertakarien berri, eta segituan eman diote abisua 112ko zentralari, Poliziaren esku-hartzea eskatzeko.

Osasun zerbitzuek oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat bidali dute, lehen mailako arreta emateko talde batekin, baina osasun-langileek bien heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin.

Hilketa hori indarkeria matxistatzat baieztatuz gero, astebeteko bosgarren biktima izango litzateke Espainiako Estatuan, azken egunetan Madrilen bi emakume eta bost urteko neskato bat hil ondoren. Guztira, indarkeria matxistak 55 pertsona hil ditu 2023an; 1.237 dira guztira 2003an datuak biltzen hasi zirenetik.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Galizia Matxismoa Erailketak