Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek 25 urteko emakume bat eta haren 5 urteko alaba hil ditu Madrilen

Hilketa matxista gauerdian jazo da Carabanchel auzoko etxebizitza batean. Hilketaren ustezko egilea atxilotuta dute erietxean (larri zaurituta topatu dute). Emakumeak babes neurriak zituen, baina bikotekide ohia tratu txar kasu bategatik errugabetu zutenean kendu egin zizkioten, duela bi hilabete.

Samurreko osasun langileak etxebizitzaren garajera sartzen. Han topatu dute hilotz emakumea. EITB
Samurreko osasun langileak etxebizitzaren garajera sartzen.
Samurreko osasun langileak etxebizitzaren garajera sartzen. Han topatu dute hilotz emakumea. EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek 25 urteko emakume bat eta haren 5 urteko alaba hil ditu Madrilgo Carabanchel auzoan, Madrilgo Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. 

Bi biktimak labanaz egindako zauriekin topatu dituzte hilotz Jacobeo kaleko etxebizitza batean. 

Emakumearen gorpuak zauriak zituen bularraldean eta gorputzeko hainbat tokitan, eta garajean aurkitu dute. Adingabearena, ordea, etxebizitza barruan egon da, lepoan zauri larriak zituela. 

Babes Zibileko Samurren osasun langileak 00:30ean bertaratu dira hilketaren lekura. Etxebizitzan 26 urteko gizon bat topatu dute zaurituta, eta erietxera eraman. Lehen hipotesien arabera, gizonezkoak emakumea eta umea hil ditu, eta ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu da. Gizona atxilotuta dute ospitalean. 

Emakumeari babes neurriak kendu zizkioten, gizonezkoa errugabetu ostean

Espainiako Poliziak hartu du hilketa argitzeko ardura, iturrion arabera. 

Ikerketaren iturriek adierazi dutenez, eraildako emakumeak babes neurri handiak zituen eta VioGEn polizia sisteman zegoen erregistratuta, arrisku handiko kasu gisa. Duela pare bat hilabete, ordea, neurriok kendu zizkioten gizonezkoa tratu txarren kasu batean errugabetu zutelako. 

Ana Redondo Berdintasun ministro berriak hilketa deitoratu du eta gogoeta eskatu indarkeria matxistaren datuen aurrean: "Jasangaitzak dira, gizarte aurreratu eta demokratiko batek egiturazko indarkeria horren kontra borrokatu behar du". 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Madril Matxismoa Umeak azken ordukoa