Gizartea -
Abusuak Elizan
Elizak kalte-ordain ekonomikoak emango dizkie abusuen biktimei
Elizan abusuak jasan dituzten biktimei erreparazio integrala emateko plan bat egiten ari da Espainiako Gotzainen Batzarra; erreparazio integral horrek barne hartuko lituzke kalte-ordain ekonomikoak ere.
Agentziak | EITB Media
Elizan abusuak jasan dituzten biktimei erreparazio integrala emateko plan bat egiten ari da Espainiako Gotzainen Batzarra, eta erreparazio integral horrek barne hartuko lituzke kalte-ordain ekonomikoak ere.
Hala iragarri du ostiral honetan Cesar Garcia Magan Konferentziako idazkari nagusiak, eta gaineratu du Elizak beti erreparatuko diela abusuen biktimei, epai judiziala egon zein egon ez; izan ere, abusatzailea hilda dagoenean edo kasua preskribatuta dagoenean ez da epairik egongo.
Egoera horietan, Elizak kasuz kasu aztertuko du, eta "sexu-abusua egon den uste morala badago", biktimari kalte-ordaina ematea erabakiko du.
Zenbatekoaren inguruan galdetuta, Garcia Maganek esan du Batzarrak oraindik ez duela funts bat zehaztu, eta azaldu du epai judiziala dagoen kasuetan epaiak berak zehaztuko duela zenbat den ordaindu beharrekoa.
Ordainketa bere gain nork hartuko duen galdetuta, azaldu du biktimarioak izango direla edo, hala balegokio, tartean dauden erakundeak (elizbarrutiak edo bizitza kontsakratuko institutuak), baina ez Gotzainen Batzarrak, "momentuz behintzat".
Horrela, Herriaren Defendatzaileak Eliza barruko pederastiari buruzko txostenean proposatutako erreparazio-funtsetik aldentzen da Eliza, lehen ere ohartarazi bezala.
"Esaten duguna da biktima guztientzako funts bat sortzen bada, parte hartuko dugula, baina Elizaren biktimentzat bakarrik bada, guk kudeatuko dugu", azaldu du gotzainen bozeramaileak.
Garcia Maganek esan duenez, ez dago eperik plan hori martxan jartzeko, eta "ahalik eta lasterren" egingo da.
Osoko Batzarra bildu den aste honetan, gotzainek aho batez onartu dute Adingabeak Babesteko Bulegoen koordinazio zerbitzuak aurkeztu duen "iter"-a. Lan egiteko hiru ildo ditu: biktimei arreta ematea, prebentzioa eta erreparazio integrala, ikuspegi guztiak barne hartzen dituena, psikologikoak, espiritualak nahiz ekonomikoak.
Gotzainek, gainera, biktimei zuzendutako mezua onartu dute, eta barkamena eskatu diete "modu esplizituan, argi eta zuzen".